Itxi

Reala

UEFA Europa League

Realak Napoli izango du aurkari gaur Reale Arenan

Erredakzioa

Txuri-urdinek talde italiarra izango dute aurkari ostegun honetan Reale Arenan, 21:00etan, multzoen faseko 2. jardunaldiko partidan.

  • Jon Bautista

    Jon Bautista, Realeko jokalaria, Rijekaren aurkako partidan. Argazkia: EFE

Realak Napoli izango du aurkari gaur  Reale Arenan, 21:00etan, Europa Ligako multzoen faseko bigarren jardunaldiko partidan. Rijekan irabazi ostean, txuri-urdinek bigarren garaipena jarraian eskuratu nahi dute txapelketa honetan.

Italiako ligako (Serie A) bigarren sailkatuaren aurka garaipena lortzeak bideratuta utziko lioke Realari final-hamaseirenetarako sailkapena. Taldea bolada oso onean iristen da neurketa honetara.

Talde txuri-urdinak jokatzeko prest izango du Adnan Januzaj, baina baliteke belgikarra hasierako hamaikakoan ez sartzea Portu bikain jokatzen ari delako eta taldeko golegile nagusia baita Mikel Oyarzabalekin batera. Mikel Merino hamaikakora itzuliko da Ligan Huescaren aurka minutu gutxi batzuk bakarrik jokatu baitzituen.

Gennaro Gattusok zuzentzen duen Napoli Serie An maila bikaina ematen ari da, baina garaipenaren beharrarekin iristen da Donostiara, Europa Ligako lehen jardunaldian porrota jaso baitzuen AZ Alkmaarren kontra. Igandean garaipena lortu zuen Napolik Beneventoren aurka (2-1), eta badirudi Gattusok ez dituela aldaketa asko egingo partida horretako hamaikakoarekin alderatuta.

Ustezko hamaikakoak:

Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal, Zubimendi, Merino, Silva; Oyarzabal, Portu eta Isak.

Napoli: Ospina; Di Lorenzo, Manolas, Koulibaly, Mario Rui; Fabian, Demme; Politano, Mertens, Insigne eta Osimhen.

Epailea: Craig Pawson (Ingalaterra).

Estadioa: Reale Arena.

Ordua: 21:00etan.