Itxi

Reala

3. jardunaldia

Realak garaipen garrantzitsua lortu du AZ Alkmaarren aurka

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 1-0eko emaitzarekin irabazi du Europa Ligako F multzoko 3. jardunaldiko partida. Jaun eta jabe izan da, eta gol gehiago sartzeko hainbat aukera izan ditu.

  • Portu eta Silva

    Portu, AZ Alkmaarri sartu dion gola ospatzen, Silvarekin batera. Argazkia: EFE

Realak garaipena lortu du AZ Alkmaarren aurka (1-0) jokatu duen Europa Ligako F multzoko hirugarren jardunaldiko partidan. Ondorioz, txuri-urdinak, herbeheretarrak eta Napoli berdinduta daude sailkapenean, seina punturekin.

Neurketaren hasieratik baloiaren jabe izan da Reala eta hainbat abagune sortu ditu. Lehen jokaldian Monrealek ez du asmatu. Geroago, Portuk Bizot atezainarekin izan duen buruz burukoa huts egin du, eta Silvak buruz egin duen errematea oso gutxigatik kanpora joan da. AZ Alkmaar ezinean ari zen, eta lehen zatian ez da gerturatu ere egin Moyak babestutako ate ingurura. Atsedenaldira iritsi aurretik, Monrealek pase bikaina eman, Portu baloia ukitu du, eta Isak ez da iritsi baloia sare barrura bultzatzeko.

Bigarren zatian ere jaun eta jabe izan da Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea. Behin eta berriz aurkariaren ate inguruan arriskua sortzen ibili da Reala, eta saria 58. minutuan iritsi da Portuk sartu duen golari esker. Monrealen eta Oyarzabalen jokaldiari amaiera bikaina eman dio murtziarrak.

Gola sartu ostean, txuri-urdinek abantaila handitzeko abaguneak izan dituzte, baina ez dute asmatu. AZ Alkmaarrek 70. minututik aurrera jo du erasora eta berdinketa lortzeko pare bat aukera izan ditu, baina Realak arazo gehiegirik gabe eutsi die herbeheretarren erasoaldiei eta hiru puntuak eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

1- Reala: Moya; Aritz, Le Normand, Sagnan, Monreal; Guevara, Merino (Zubimendi, 75. min), Silva; Portu (Januzaj, 75. min), Oyarzabal (Barrenetxea, 88. min) eta Isak (Willian Jose, 61. min).

0- AZ Alkmaar: Bizot, Winjdal, Koopmeiners, Hatzidiakos (Letschert, 70 min), Svensson; De Wit, Gudmundsson (Aboukhlal, 61. min), Midtsjo; Karlsson (Druiff, 62. min), Boadu (Evjen, 61. min) eta Stengs (Velthuis, 70. min)

Epailea: John Beaton (Eskozia). Txartel horiak atera dizkie Silva Realeko jokalariari, baita Gudmundsson, Druiff eta Svensson AZ Alkmaarreko futbolariei.

Gola: 1-0, 58. min: Portu.