Itxi

Reala

2-1

Realak galdu egin du Barçaren aurka, markagailuan aurreratu den arren

A.B. | EITB Media

Talde txuri-urdinak porrota jaso du Bartzelonaren kontra (2-1) jokatu duen Ligako 19. jardunaldiko aurreratutako partida.

0
Bartzelona – Real Sociedad partidako laburpena eta gol guztiak

Realak porrota jaso du Bartzelonaren aurka (2-1) Camp Noun jokatu duen Santander Ligako 19. jardunaldiko aurreratutako partidan. Aurrea hartu du markagailuan talde txuri-urdinak, baina Barçak emaitza irauli du.

Barça izan da nagusi lehen zatian. Reala presioa egiten saiatu da, baina Koemanek zuzentzen duen taldeak baloia erraz ateratzea lortu du. Abagune onenak Bartzelonak izan ditu. Lehena,  Pedriren bitartez, baina haren jaurtiketa kanpora joan da. Txuri-urdinak ezinean ibili dira, nahiz eta Barçari ere kosta egin zaion aukera argiak sortzea. Hala ere, 27. minutuan gola sartu du Willian Josek Realarentzat (0-1); aurrelariak Porturen pase bikaina jaso, eta sare barrura bota du baloia.

Pozak, ordea, ez dio asko iraun talde txuri-urdinari, 30. minutuan Jordi Albak markagailuan 1-1ekoa jarri duen gola sartu du. Bartzelonako jokalariak area barruan jaso du baloia, eta jaurtiketa bikain batekin gainditu du Remiro atezaina.

Partida berdindu ostean, erasora jo du Barçak eta golak sartzeko aukera argiak izan ditu. Griezmannek langara bidali du errematea, eta Braithwaitek abagune ezin hobea alferrik galdu du Remiroren aurrean bakarrik geratu eta jaurtiketa gora botata. Ekinean ibili da Kataluniako taldea, eta saria jaso du 42. minutuan; Jordi Albak erdiratu, eta De Jongek 2-1ekoa sartu du, erremate on bat eginda.

Bigarren zatiaren hasieran Januzaj lesionatu egin da, eta ezin izan du jokatzen jarraitu. Imanol Alguacil entrenatzaileak belgikarra eta Guevara kendu ditu Navarro eta Barrenetxea zelairatuz. Aldaketekin eta guzti, Barçak nagusi izaten jarraitu du, eta Griezmannek bi abagune argi izan ditu; lehena atepean eta Remiro gaindituta zuela lurrera bota da baloia jotzeko, errematea atezainaren eskuetara bota duelarik, eta bigarren aukeran Remiro nagusitu zaio buruz burukoan.

Neurketako 62. minututik aurrera egin da baloiaren jabe Reala. Orduan hasi da Barçari arazoak sortzen, nahiz eta kosta egin zaion abagune argiak sortzea. Isakek izan du lehia berdintzeko aukera 74. minutuan, baina area barruan jaurtiketa egiten joan denean Pedri gurutzatu da baloia kornerrera bidaltzeko. Lau minutu beranduago, Monrealen bolea kanpora joan da gutxigatik. Berdinketa lortzeko abagune bikoitza izan du talde txuri-urdinak 84. minutuan, baina Ter Stegenek Willian Joseren jaurtiketa desbideratu du, Isakek aldaratzea jaso, errematea egin, eta atezain alemaniarrak gola saihestu du.

Azken txanpan erasora jo du itsu-itsuan Realak, baina Bartzelonak ondo eutsi dio, sendo ibili da defentsako lanean, eta garaipena Kataluniako taldeak erdietsi du.

Fitxa teknikoa:

2 - Bartzelona: Ter Stegen; Dest, Araujo, Mingueza (Lenglet, 79. min), Alba; Busquets (Aleña, 66. in), De Jong; Messi, Pedri (Pjanic, 74. min), Griezmann (Trincao, 66. min); eta Braithwaite.

1 - Reala: Remiro; Gorosabel, Le Normand (Sagnan, 85. min), Zubeldia, Monreal; Zubimendi, Guevara (Ruben Navarro, 56. min), Mikel Merino; Portu (Isak, 64. min), Willian Jose eta Januzaj (Barrenetxea, 56. min).

Golak: 0-1, 28. min: Willian Jose. 1-1, 31. min: Alba. 2-1, 43. min: De Jong.

Epailea: Sanchez Martinez. Txartel horiak atera dizkie Januzaj (20. min), Sergio Busquets (41. min), Barrenetxea (58. min), Le Normand (80. min), Trincao (88. min) eta Aleña (93. min) jokalariei. Koeman entrenatzaileari ere txartel horia atera dio, 90. minutuan.