Publizitatea
Itxi

2021/02/25

22:51

Reala

Final-hamaseirenak (itzulikoa)

Realak agur esan dio Europa Ligari, Old Trafforden Unitedekin berdindu ostean

A. B. | EITB Media

Talde txuri-urdinak golik gabe berdindu du (0-0) final-hamaseirenetako itzuliko partida. Joanekoa 0-4ko emaitzarekin galdu zuenez, Europa Ligatik at geratu da.

  • Oyarzabal

    Oyarzabal, Realeko jokalaria, penaltia huts egin ostean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Realak golik gabe (0-0) berdindu du Manchester Uniteden aurka Old Trafforden jokatu duen Europa Ligako final-hamaseirenetako itzuliko partida, eta joanekoa 0-4ko emaitzarekin galdu zuenez, talde txuri-urdina txapelketatik at geratu da.

Partidaren hasieran bi taldeei asko kosta zaie abaguneak sortzea, baina 12. minutuan Daniel Jamesek penaltia egin dio Gorosabeli, eta markagailuan aurretik jartzeko aukera izan du talde txuri-urdinak; Oyarzabalek, ordea, kanpora bota du jaurtiketa. Penaltia huts egin arren, Realak erasora jotzen jarraitu du, eta minutu bat beranduago talde txuri-urdineko kapitainak pase bikaina eman dio Isaki, baina suediarrak ezin izan du errematea egin Lindelofek aurrea hartu eta baloia desbideratu baitu.

Hogeigarren minutura arte nagusi izan da Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea, baina Manchester Uniteden erantzuna etorri da ordutik aurrera. Neurketako 21. minutuan Remiro atezainak Uniteden gola eragotzi du, Martialen jaurtiketa desbideratuta. Bi minutu beranduago, Bruno Fernandesek langara bidali du baloia. Gainera, lehen zatia amaitu orduko, 36. minutuan, beste abagune on bat izan du Unitedek; Bruno Fernandesek erdiratu, eta Daniel Jamesen erremateari erantzun bikaina eman dio Remirok.

Bigarren zatia hasi eta segidan, abagune nabarmen bana izan du talde bakoitzak: Rashforden falta jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da, eta Sagnanen erremateak langa jo du bete-betean. Ia jarraian, Remiro atezainak erantzun paregabea eman dio Greenwooden jaurtiketari. Partidako 62. minutuan, Tuanzebek gola sartu du korner bat sare barrura errematatuta, baina Lindelofek belaunarekin aurpegian jo dio Bautistari, eta Manchester Uniteden gola baliorik gabe geratu da. Pixkanaka, Ingalaterrako taldea nagusi izaten hasi da, eta Remirok beste gol bat saihestu du, Martialen jaurtiketa kornerrera desbideratuta.

Norgehiagokako azken txanpan, bi taldeetako batek ere ez du gola sartzeko aukerarik sortu, partida golik gabe berdinduta amaitu da (0-0), eta Realak agur esan dio Europa Ligari.

Fitxa teknikoa:

0 - Manchester United: Henderson; Telles, Lindelof, Bailly, Wan-Bissaka (Williams, 46. min); Fred (Tuanzebe, 46. min), Matic, Fernandes (Rashford, 46. min); James (Diallo, 59. min), Greenwood (Shoretire, 76. min) eta Martial.

0 - Reala: Remiro; Aihen, Sagnan, Zubeldia, Gorosabel (Bautista, 46. min); Merino, Guevara (Guridi, 72. min), Zubimendi; Oyarzabal (Barrenetxea, 46. min), Isak (Portu, 46. min) eta Januzaj (Merquelanz, 65. min).

Epailea: Lawrence Visser (BEL). Txartel horiak atera dizkie Fred (41. min), Williams (50. min) eta Lindelof (65. min) Mchester Unitedeko jokalariei.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;