Itxi

Reala

Gaur, osteguna, 21:00etan

Realak PSVren aurka garaipena lortuta ekin nahi dio Europa Ligari

A. B. E. | EITB Media

Talde txuri-urdinak Eindhoveneko Philis Stadionean jokatuko du ostegun honetan, 21:00etan, Europa Ligako multzoen faseko lehen jardunaldiko partida.

  • Reala

    Realeko jokalariak Ligan Cadizi sartutako go bat ospatzen. Argazkia: EFE

Realak gaur ekingo dio Europa Ligako multzoen faseari, PSV Eindhoven taldearen aurka jokatuko duen partidarekin. Neurketa 21:00etan hasiko da Eindhoveneko Philips Stadionean.

Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak lau jokalari ditu min hartuta; Ander Barrenetxea, Nacho Monreal, Diego Rico, Carlos Fernandez eta Jon Guridi. Asier Illarramendi prest dago lesioa gainditu ostean, baina ez dirudi hasierako hamaikakoan sartuko denik. Ez dira aldaketa asko itxaroten Cadizen aurka Ligan jokatu zuen partidakoarekin alderatuta. Taldea bolada onean dago, eta ahalik eta aldaketa gutxien egin nahi ditu Imanol entrenatzaileak.

Bestalde, PSV Eindhoven ondo iristen da Realaren aurkako norgehiagokara, Herbehereetako ligan (Eredivisie) orain arte jokatu dituen lau partidak irabazi egin baititu, eta lidergoan baita. Roger Scmidt entrenatzaileak ezingo du Ibrahim Sangare erdilaria zelairatu, lesionatuta dagoelako, eta afrikarraren ordez Olivier Boscaglik jokatuko du. Badirudi, Davy Pröpper erdilaria eta Maximiliano Romero aurrelaria ez direla jokatzeko prest egongo, arazo fisikoak baitituzte. PSVk Carlos Vinicius fitxatu zuen merkatuko azken egunean, Benficatik, baina aurrelariak oraindik ez du partidarik jokatu Herbehereetako taldearekin, bere lan-baimena tramitatzen ari baita oraindik.

Eindhoveneko taldean Realeko futbolari ohia den Armindo Tue Na Bangna "Bruma" jokalaria dago. Talde txuri-urdinean jokatu zuen utzita 2015-2016 denboraldian.

Ustezko hamaikakoak:

PSV Eindhoven: Drommel; Max, Obispo, Ramalho, Mwene; Boscagli, Van Ginkel; Gakpo, Götze, Madueke edo Bruma; eta Zahavi edo Vinicius.

Reala: Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Muñoz; Zubimendi, Silva, Merino; Januzaj, Oyarzabal eta Isak.

Epailea: William Collum (Eskozia).

Estadioa: Philips Stadion.

Ordua: 21:00etan.