Itxi

Reala

KONTRATU BERRITZEA

Amaiur Sarriegik 2025era arte luzatu du kontratua Realarekin

A. A. | EITB MEDIA

Talde txuri-urdinarekin zeukan orain arteko lotura 2023ra artekoa zen; beraz, aurrelari donostiarrak bi urte gehiago emango ditu Realean.

  • Amaiur Sarriegi

    Amaiur Sarriegi. Argazkia: Real Sociedad

Amaiur Sarriegi aurrelariak bi urtez luzatu du Realarekin zuen kontratua. Orain artekoak 2023ra arteko iraupena zeukan; alabaina, hemendik aurrera, 2025era arte jarraituko du elastiko txuri-urdina janzten.

Hala jakinarazi du Donostiako klubak astelehen arratsaldean, zeinetan jokalariak bere kontratu berria sinatu duen Jokin Aperribay taldeko presidentearekin batera.

Donostian (2000) jaiotako jokalaria 2020ko udan iritsi zen Realera Athleticetik, eta txuri-urdingisa jokatutako lehen denboraldian 13 gol lortu zituen 26 partida jokatu ondoren. Egungo denboraldian, ostera, dagoeneko, 8 gol sartu ditu 15 partidatan, eta Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeko jokalari nabarmenetako batean bihurtu da. Hain zuzen ere, Arroyo berak ere duela gutxi berritu zuen kontratua Gipuzkoako taldearekin, 2024ra arte.

"Niretzat ohore bat da. Realeko kamiseta jartzen dudanean, nire maila onena ematen saiatzen naiz eta gauza polit asko etorriko dira orain", azaldu du Sarriegik Realaren telebistari egindako adierazpenetan. Amaiurrek prentsaurreko telematikoa emango du astearte honetan, 14:15etik aurrera.