Itxi

Reala

Erreginaren Kopa

Realak agur esan dio Kopari, Bartzelonaren aurka final-laurdenetan galduta (0-3)

EITB Media

Talde-urdinak porrota jaso du Barçaren kontra Zubietan jokatu duen Erreginaren Kopako final-laurdenetako partidan. Egungo txapeldunak ez dio aukerarik eman Realari.

  • Reala - Bartzelona

    Realaren eta Bartzelonaren arteko partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: EFE

Reala Erreginaren Kopatik at geratu da asteazken honetan final-laurdenetan Bartzelonaren aurka 0-3 galduta. Egungo txapeldunak ez die aukerarik eman txuri-urdinei Zubietan jokatu den norgehiagokan.

Barça baloiaren jabe egin da hasieratik, eta 10. minutuan erdietsi du lehen gola (0-1), Pinaren bidez. Ondoren, Realaren erantzuna etorri da, baina Amaiurren jaurtiketa gurutzatua Paños atezainak desbideratu du, baloia Allegrari iritsi zaio, eta haren erremateak Leilaren gorputza jo du. Neurketako 19. minutuan, Amaiurrek abagune bikaina izan du, baina Pañosen aurrean geratu denean pasea eman dio Allegrari, eta jokoz kanpo zegoen. Realak barkatu egin du, eta Bartzelona berriro nagusitu da. Kataluniako taldeak abisua eman du zutoina jo duen jaurtiketa batekin, eta atsedenaldiaren aurretik Lete atezainak eragotzi du bisitarien gola, gelditu ona eginda.

Partidaren 52. minutuan, Alexia Putellasek 0-2koa jarri du markagailuan, eta sei minutu geroago, Alexiak berak sartu du Bartzelonaren hirugarrena (0-3). Partida erabakita utzi du Barçak bigarren zatiko lehen minutuetan. Azken txanpan, Reala emaitza txukuntzen saiatu da, baina Bartzelonak ez du oparirik egin, eta finalerdietarako txartela eskuratu du.

Fitxa teknikoa:

0 - Reala: Lete; Emma, Etxezarreta, Vanegas, Nuria Rabano; Iris, Gemma (Mirari, 82. min), Nerea Eizagirre; Allegra (Gaby, 46. min), Franssi eta Amaiur (Jensen, 70. min).

3 - Bartzelona: Paños; Torrejon, Engen, Mapi Leon, Leila; Bonmati (Maria Perez, 77. min), Patri Guijarro (Pereira, 69. min), Alexia; Graham (Ona, 87. min), Pina (Hermoso,  69. min) eta Rolfö (Melanie, 77. min).

Golak: 0-1, 10. min: Pina. 0-2, 52. min: Alexia. 0-3, 58. min: Alexia.

Epailea: Martinez Martinez. Txartel horia atera die Vanegas eta Gaby Realeko jokalariei, eta Patri Guijarro eta Rolfö Bartzelonako futbolariei.