Reala
Prentsaurrekoa Zubietan
Aranburuk erretiroa hartzen duela iragarri du
Erredakzioa
33 urteko Realeko kapitainak azaldu duenez, futbola uzteko "unea heldu da". Gainera, bere galerak taldeari kalterik egingo ez diola erantsi du erdilariak.
Mikel Aranburu Realeko kapitainak erretiroa hartzea erabaki du denboraldi amaieran. Aranburuk 14 denboraldi eman ditu Realean, horietatik 11 Lehen Mailan. Aranburuk (33 urte) prentsaurrekoa eman du Zubietan, Realak entrenamendua egin ostean.
Realeko kapitainak azaldu duenez, futbola uzteko "unea heldu da". Gainera, bera galtzeak taldeari kalterik egingo ez diola erantsi du erdilariak. Talde txuri-urdinak erdilari gazte onak dituela argudiatu du beteranoak.
"Azken pausoa ematea" asko kostatu zaiola onartu du Aranburuk. Realean hainbeste urte egin eta gero neke "fisiko eta mentala" pilatu duela adierazi du erdilariak. “Fisikoki ezin dudala sentitu baino lehen” futbola uztea erabaki dut, gaineratu du.
Lesioak eta hastapenak
"Egungo futbola oso zorrotza da, baina bizitzak aurrera darrai eta ez dut horrek nire gorputzean ondoriorik uztea nahi", azaldu du jokalariak. 2005ean belauneko lesio larria izan zuen Aranburuk Santanderren eta hilabete askotxo eman zituen berdegunetik at. Jarraitzaile txuri-urdin askok erdilaria guztiz osatuko ez zela uste zuten.
Zubietan eman zituen aurreneko egunak gogorarazi ditu futbolariak. "13 urte baino ez nituela heldu nintzen Zubietara", adierazi du.