Itxi

Reala

Europa Liga

Realak multzoko lidertza sendotzea izango du helburu Sheriffen aurkako partidan

EITB Media

Txuri-urdinek Ukrainako taldea izango dute aurkari ostegun honetan, 18:45ean, Europa Ligako E multzoko hirugarren jardunaldiko norgehiagokan.

  • Reala

    Realaren entrenamenduko irudia. Argazkia: EFE

Realak Sheriff Tiraspoli egingo dio bisita ostegunean, urriaren 6an, Europa Ligako E multzoko hirugarren jardunaldiko partidan. Talde txuri-urdinak, garaipena lortzea, multzoko lidergoa sendotzea eta hurrengo fasera sailkatzeko aurrerapausoa ematea izango du helburu. Norgehiagoka 18:45ean hasiko da.

Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea sasoiko iristen da neurketa honetara, lehen bi jardunaldietan garaipenak lortu eta igandean Ligan Gironari irabazi ostean. Hala ere, hainbat baja ditu partida honetarako, Mohamed-Ali Cho, Robin Le Normand, Igor Zubeldia, Ander Barrenetxea, Mikel Oyarzabal eta Umar Sadiq ez baitaude jokatzeko prest. Gainera, Martin Zubimendik minduta du eskuin belauna eta Imanolek atseden eman liezaioke, asteazkeneko entrenamendua taldekideekin batera osatu eta deialdian sartu den arren.

Guevarak ordezkatuko du Zubimendi zelai erdian eta Illarramendik hasierako hamaikakoan egoteko aukerak ditu Merinoren edo Braisen partez. Aurrealdeko bikotea Karrikaburuk eta Carlos Fernandezek osatu dezakete, baina Kubo eta Sorloth bolada onean daude, eta litekeena da Imanolek azken bi hauen aldeko apustua egitea.

Sheriffek galdu egin zuen Manchester Uniteden aurka bigarren jardunaldian. Stjepan Tomasek zuzentzen duen taldea oldarkorra eta jaioa da abiadura biziko kontraerasoak antolatzen. Aurrelarien bikotea osatzen duten Akanbi eta Atienwen nigeriarrekin kontuz ibili beharko du Realak.

Ustezko hamaikakoak:

Reala: Remiro; Sola, Aritz, Pacheco, Rico; Guevara, Merino, Illarramendi, Silva; Kubo eta Sorloth.

Sheriff: Koval; Kpozo, Radeljic, Ouattara, Diop; Badolo, Kiki, Kyabou, Zohouri; Akanbi eta Atiemwen.

Epailea: Harld Lechner (Austria).

Estadioa: Stadionul Zimbru.

Ordua: 18.45ean.