Gizartea -
EPAIA
David Silvak isuna ordaindu beharko du "lesio delitu arin" batengatik
Kanarietako Auzitegi Nagusiak 1.080 euro ordaintzera zigortu du Realeko jokalaria Maspalomaseko inauterietan neska gazte bati lesioak eragiteagatik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
David Silva Realeko jokalaria zigortu egin dute Maspalomaseko (Kanaria Handiko hegoaldea) inauterietan izandako liskar batean neska gazte bati lesioak eragiteagatik, Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.
San Bartolome Tirajanako Instrukzioko 3. zenbakiko Epaitegiak 1.080 euroko isuna ezarri dio Silvari, bi alderdien artean adostutako epai batean.
Epai horretan jasotzen denaren arabera, Silvak neskari "gogor heldu zion besotik, hura baztertzeko" eta, horren eraginez, "erori egin zen". Erorketa horren ondorioz, biktimak hainbat lesio jasan zituen: "trauma-ondoko zerbikalgia, ezkerreko ukondoan kontusioa eta urradurak ezkerreko eskuko bigarren behatzean, bi belaunetan eta bi hanketan".
Hartara, auzitegiak 1.080 euroko isuna ezarri dio Silvari lesio delitu arin batengatik, eta 520 euroko kalte-ordaina erantzukizun zibilagatik.
Halaber, futbolariaren anaia batek eta beste pertsona batek ere hartu zuten parte istiluan. Azken horrek harri batekin jo zuen gazte bat, eta beste bati labanaz mehatxu egin zion.