Itxi

Reala

BERRIRO LESIONATU DA

Chok beste lesio bat izan zuen Vila-realen aurka

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Irailaren 20an Frantziako 21 urtez azpiko selekzioarekin lesionatu zenetik lehen minutuak jokatu ondoren, Momo Chok beste lesio bat du bizeps femoralean.

  • Momo Cho

    Momo Cho Kadizen aurkako partidan. Argazkia: EFE

Realak aditzera eman duenez, Mohamed-Ali Cho jokalariaren "ezker bizeps femoralean lesioa antzeman da", igandean Vila-realen aurkako partidan min hartu zuen, eta, ondorioz, talde txuri-urdinaren hurrengo partidak galduko ditu.

Klubak astelehen honetan jakitera eman duenez, futbolari frantziarra "Fisioterapia bidez tratatzen hasi da", eta zelaietara itzultzea "koadro klinikoaren bilakaeraren araberakoa izango da".

Lesio hori ezustekoa izan da Frantziako kirolari gaztearentzat. Izan ere, igandean agertu zen berriro lehen aldiz zelaian, irailaren 20an Frantziako 21 urtez azpiko selekzioarekin izandako kontzentrazioan min hartu ondoren.

Jokalariak, orduan, eskuin izterreko muskulatura iskiosuralean izan zuen lesioa, eta horrek Gironaren eta Sheriffen aurkako neurketak galtzea eragin zion.

Igandean Vila-realen aurkako deialdian egotea sorpresa izan zen, eta Imanolek 74. minutuan atera zuen zelaira; azken minutuetan normaltasunez jokatu zuen.

Hala ere, partidaren ondoren, Imanolek Choren lesioaren berri eman zuen prentsaurrekoan, baina lesio horren nondik norakoak argi jakin gabe, gaur egin behar zizkioten proben zain.

Realarentzat albiste onak ere izan ziren atzo. Izan ere, Robin Le Normandek minutu batzuk jokatu zituen, eta Igor Zubeldia, jokatu ez zuen arren, deialdian sartu zen, eta biak prest egongo dira ostegunean Sheriffen aurka jokatzeko.

Andoni Gorosabel, berriz, zalantza izango da partida horretarako, orkatila bihurritua baitu.