Itxi

Reala

Erreginaren Kopa

Reala, Kopatik at Atletico Madrilen aurka porrota jasota (0-2)

EITB Media

Txuri-urdinek 0 eta 2 galdu dute talde koltxoneroaren aurka Zubietan jokatu duten Kopako final-zortzirenetako partida, eta agur esan diote txapelketari.

0:52
Reala - Atletico Madril

Reala Erreginaren Kopatik at geratu da Atletico Madrilen aurka porrota jasota (0-2) asteazken honetan (urtarrilak 11) Zubietan jokatu den final-zortzirenetako partidan.

Ondo ekin dio Realak neurketari, eta hirugarren minutuan abagune argia izan du; Jensenen jaurtiketa, ordea, langara joan da. Ondoren, Atleticok arriskua eraman du txuri-urdinen ate ingurura kontraerasoen bidez, baina errematerik egin gabe. Norgehiagokako 22. minutuan beste gol aukera argi bat izan du Realak: hala ere, Jensen ez da iritsi Gabriela Garciaren erdiraketa ona errematatzera. Gabyk ere saiakera egin du area kanpotik lehen zatia amaitu orduko, baina baloia kanpora joan da, zutoina urratuta.

Parekatua izan da lehen zatia, abagune argienak Donostiako taldeak izan dituen arren. Atletico Madrili jokaldiak amaitzea falta izan zaio lehen 45 minutuetan, izan ere, arriskua eraman baitu txuri-urdinen ate ingurura. Lehia atsedenaldira golik gabe iritsiko zela ematen zuenean, Atletico Madrilek gola sartu du; Realak huts egin du zelai erdian, eta Marta Cardonak 0-1ekoa jarrai du markagailuan, atezainaren aurrean bakarrik geratu, eta baloia ate barruan sartuta.

Erasokor zelairatu da Reala bigarren zatian, baina 60. minutuan maldan gora jarri zaio partida, Atletico Madrilek bere bigarren gola sartu baitu (0-2); Ajibade izan da golegilea.

Ez du etsi talde txuri-urdinak amaierara arte. Natalia Arroyok zuzentzen dituen neskak saiatu dira desabantaila murrizten, baina Atletico Madrilek ez die aukerarik eman, defentsako lan bikaina eginda.

Amaieran, Realak porrota jaso du (0-2), eta Atletico Madrilek bereganatu du final-laurdenetarako txartela.

Fitxa teknikoa:

0 - Reala: Lete; Arnaiz (Tejada, 74. min), Bernabe (Mirari, 69. min), Eizagirre, Etxezarreta; Fransi, Gabriela Garcia, Jensen; Le Guilly (Amaiur, 69. min), Torre (Giner, 63. min) eta Vanegas.

2 - Atletico Madril: Lola; Ajibade, Banini (Andrea, 83. min), Marta Cardona (Medina, 56. min), Garcia; Lundkvist, Menayo, Navarro (Lucia Moral, 84. min); Santos (Perez, 76. min), Van Dongen eta Vicente.

Golak: 0-1, 44. min: Marta Cardona. 0-2, 60. min: Ajibade.

Epailea: Gil Soriano. Txartel horiak atera dizkie Arnaiz, Ajibade eta Van Dongen jokalariei.