Itxi

Reala

F Liga

Nerea Eizagirrek kontratua berritu du Realarekin 2024ra arte

EITB Media

Jokalaria eta kluba akordiora iritsi dira bi aldeak lotzen zituen kontratua luzatzeko, beste denboraldi batez. Beraz, Eizagirrek talde txuri-urdinean jarraituko du 2024ko ekainaren 30era arte.

  • Nerea Eizagirre

    Nerea Eizagirre, Realeko jokalaria, At. Madrilen aurka sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Nerea Eizagirrek kontratua berritu du Realarekin 2024ko ekainaren 30era arte, klubak ostiral honetan, ekainaren 2an jakinarazi duenez. Beraz, Tolosako jokalariak beste denboraldi batez jarraituko du talde txuri-urdinean.

Realeko kapitainak Jokin Aperribay presidentearekin batera sinatu du kontratu berria Reale Arenako bulegoetan. Aste honetan klubak iragarri duen bigarren kontratu berritzea da Eizagirrerena, maiatzaren 30ean Daniela Vanegasek 2025era arte berritu baitzuen.

Eizagirre "pozik" azaldu da Realean beste denboraldi bat emango duelako, klubaren telebistari adierazi dionez: "Pozik nago nire bizitzako taldean jarraitzeagatik. Oso harro sentitzen naiz hemen segituko dudalako. Nire helburua da ahalik lan gehien egitea taldeak nitaz gozatzen jarraitzeko eta nik haiekin batera disfrutatzeko. Espero dut oraindik elkarrekin amets asko lortzea".