Itxi

Reala

Salzburgo 0 - 2 Reala

Imanol Alguacil: "Asko gozatu dut egin dugun lehen zati bikainarekin"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Entrenatzaile txuri-urdina zoriontsu agertu da Salzburgoren aurkako neurketan egindako lanarekin, jokalariak zoriondu ditu, eta "oso harro" dagoela adierazi du.

  • Imanol Alguacil, durante el partido contra el Salzburgo. EFE

    Imanol Alguacil, durante el partido contra el Salzburgo. EFE

Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldian Salzburgoren kontrako partidan egindako "lehen zati bikainarekin asko gozatu dut", esan zuen prentsaurrekoan Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak. Garaipenak asteburuan Atletico Madril hartzeko indarra emango diela azpimarratu zuen.

"Izugarri gozatu dut egin dugun lehen zatiarekin, baloia izan dugunean eta izan ez dugunean, oso ondo presionatzen duen arerio baten aurrean. Partida bikaina izan da, bai erasoan, baita defentsan ere. Espero dut hona etorri diren zaleek eta etxean geratu direnek taldeaz gozatzea, harro egotea", adierazi zuen Alguacilek.

Entrenatzaile txuri-urdinaren aburuz, "ez dio axola asmatu ala ez, irabazi ala ez, taldeak beti ematen duelako dena". "Gainera, egun batzuetan lehen 45 minutuetan egindako jokoa egiteko gai gara. Oso pozik nago, baina jarraitu beharra dago, gaizki egiten duguna hobetzen saiatzeaz gain, ondo egiten dugunari segida emateko. Beti diot gauza bera: taldea honela ahalegintzen denean, gutxien axola duena emaitza da", azaldu zuen. 

Imanolen hitzetan, "nekea pilatu egiten da" baina "egia da halako garaipenek indar gehigarria ematen dutela". "Asteburuan Atleticoren aurka dugun partida Txapeldunen Ligako beste neurketa bat izango da, eta gaur irabaztea oso ondo dator ongi prestatzeko", gaineratu zuen.