Itxi

Reala

Babes publikoa

Montanierren lanean konfiantza du Aperribayk

Erredakzioa

"Hobetzeko gauzak" daudela onartu du Realeko presidenteak, baina orain Athleticen aurkako neurketan pentsatzeko eta "pazientzia edukitzeko" ordua dela erantsi du.

01:22
Aperribayk lana eta lasaitasuna eskatu ditu
Philippe Montanier entrenatzailearen lanean zalantzarik ez duela adierazi du Jokin Aperribay Realeko presidenteak. Montanier gogor kritikatu dute Levanteren kontrako porrotaren ostean, baina "gogor lan egiteko unea" dela esan du Aperribayk.

Kilometroak Kultur Elkartearekin hitzarmena sinatzeko ekitaldian, Realeko agintariak "hobetzeko gauzak" daudela onartu du, baina orain Athleticen aurkako neurketan pentsatzeko eta "pazientzia edukitzeko" ordua dela erantsi du.

Aperribayren zuzendaritzak "denboraldi erdian entrenatzailerik sekula bota ez" duela gogorarazi du Realeko presidenteak. Juanma Lilloren edo Martin Lasarteren kasuak aipatu ditu agintari txuri-urdinak, "Liga amaitu arte itxaron genuen", gogorarazi du.

"Konfiantza"

"Entrenatzaile egokiena ez dela pentsatzen dute batzuek, badakit, eta beste batzuek Montanier birrintzen ari direla uste dute", azaldu du Aperribayk. Taldea "urrun ailega daiteke" eta "konfiantza" eskatu du Realeko presidenteak.

Jokalariei eta jarraitzaileei etorkizunean pentsatzeko eta Valentzian gertatutakoa ahazteko eskatu die buruzagiak. "Iraganeko aukerak, iraganekoak dira, orain derbia ondo prestatu behar dugu eta partida amaitzean zale txuri-urdinak pozik atera behar dira", gaineratu du.

Anoetatik kanpo lortutako emaitza txarrak Montanierren erantzukizuna soilik izatea baztertu du Aperribayk. Iaz "taldea lehiakorra izan zen ia partida guztietan" eta Frantziako entrenatzailea aulkian zegoen, presidente txuri-urdinak esan duenez.