Reala
Asteartean, 19:30ean
Realak kanporaketa iraultzea du helburu, Kordobaren aurka
Erredakzioa
Talde txuri-urdinak Kopako final-hamaseirenetako itzulerako partida jokatuko du astearte honetan (19:30ean). Bi goleko abantaila lortu zuen talde andaluziarrak joaneko norgehiagokan.
Realak gogotsu eta ilusioz ekingo dio astearte honetan (19:30ean) Kordobaren aurka jokatuko duen Errege Kopako partidari. Final-hamaseirenetako itzulerako partida izango da jokoan, eta Kordobak bi goleko abantaila lortu zuen joaneko norgehiagokan.
Philippe Montanierrek jokalari onenak jarriko ditu hamaikakoan, kanporaketa gainditzeko asmoz. "Une honetan taldean ditudan jokalari onenek jokatuko dute, baina freskotasunak ere garrantzia izango du. Guztien beharra daukagu", esan du Montanierrek.
Talde txuri-urdina desabantailarekin iristen da partida honetara, eta lehia zaila izango dela argi dauka Realeko entrenatzaileak. Kopa ezberdina dela, eta edozein gauza gerta daitekeela ere azaldu du Montanierrek: "Kopa txapelketa ezberdina da. Bi goleko abantaila daukate, baina emaitza iraultzea posible da, eta kanporaketa gainditzeko gogoa daukagu".
Badirudi Montanierrek ia dena argi daukala, baina zalantza nagusia atezainekin du. Ez du argitu Bravoren edo Zubikarairen aldeko apustua egingo duen. "Bi atezainekin pozik nago, eta bihar hartuko dut erabakia", gaineratu du Realeko entrenatzaileak.
Kordoba ez da partida honetara bere unerik onenean iritsiko. Talde andaluziarra sasoiko zebilen, baina azken bi jardunaldietan porrot egin du. Duela bi aste, etxean galdu zuen sailkapeneko azken postuetan zebilen Herculesen aurka (1-2), eta iragan larunbatean, jipoia hartu zuen Las Palmasen eskutik (3-0).