Itxi

Txapeldunen Liga

Manchester United-Real Madril

Mourinho: 'Mundua geratu egingo da partida handi hau ikusteko'

Erredakzioa

"Ferguson bakarra da, eta gutxi gehiago dut esateko. Jainkoak osasuna ematen badit, berak daraman adina denbora eman dezket entrenatzaile izaten, baina paregabea da", esan du portugaldarrak.

  • Jose Mourinho

    Jose Mourinho United-Real Madril partidaren atariko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Manchester Unitedek eta Real Madrilek partida handia jokatuko dute astearte honetan Old Trafforden, 20:45ean. Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzulerako partida jokatuko da Manchesterren. Joaneko partidan bana (1-1) berdindu zuten.

"Partida zaila eta gogorra izango da. Bi taldeak sasoi onean gaude. United Premier Leagueko liderra da, FA Cupeko final-laurdenetarako sailkatuta dago, eta guk azken hamabi partidetatik bakarra galdu dugu. Mundua geratu egingo da partida hau ikusteko. Mundu guztiak partida hau ikusi nahi du ez delako kanporaketa soila, finala dirudien kanporaketa da", esan du Jose Mourinhok.

Cristiano Ronaldo Old Traffordera itzuliko da, eta portugaldarra sasoi batean iristen da partida honetara. Gainera, Unitedeko zaleek asko maite dute Cristiano Ronaldo. Horren inguruan ere hizt egin du Mourinhok: "Ondo dago Cristianori loreak botatzea, baina nahiagoko nuke alderantziz izatea. Baina Cristiano asko maite dute, hala sentitzen du jendeak hemen, eta zaleek ondo hartzea merezita du".

Manchester Unitedek Real Madrilen kontraerasoak eragoztea du helburu, eta Mourinhoren ustez, aurkaria nahiko atzean sartuta egongo da: "Aurkariak planteamendu defentsiboa egingo duela uste dut. Guk ere gogor defendatu beharra daukagu, nahiz eta kanporaketan Manchester Unitedek abantaila izan. Baloia daukagunean erasora jo behar dugu birritan pentsatu gabe".

Sir Alex Ferguson eta Mourinho ariko dira nor baino nor aulkietan, eta bi entrenatzaileek ondo esagutzen dute elkar. Mourinhok hitz onak besterik ez ditu Fergusonentzat: "Ferguson bakarra da, eta gutxi gehiago dut esateko. Jainkoak osasuna ematen badit, berak daraman adina denbora eman dezket entrenatzaile izaten, baina paregabea da".