Txapeldunen Liga
Final-laurdenak
PSG-Bartzelona eta Bayern-Juventus, final-laurdenak irekitzeko
Erredakzioa
Malaga-Borussia Dortmund eta Real Madril-Galatasaray izango dira, asteazkenean, Txapeldunen Ligako final-laurdenetako beste joaneko partidak.
-
Jup Heinckes, Bayern Municheko entrenatzailea. Argazkia: EFE.
Neurketa handiak jokatuko dira, asteartean eta asteazkenean, Europako txapelketa garrantzitsuenean. Talde batzuek aurpegia eman beharko dute, finalerdietan egongo direla ziurtatzeko, eta besteak sorpresaren bila arituko dira, sailkapen historikoa lortzeko helburuarekin. Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joaneko partidetan aurkituko dira Europako talderik indartsuenak. Bartzelona, Real Madril eta Bayern Munich dira faborito nagusiak.
PSG – Bartzelona, asteartean 20:45an
Printzeen Parkea bisitatuko du Bartzelonak, kanporaketa Milanen baino hobeto hasteko helburu garbiarekin. PSGn Ibrahimovic arituko da azkenean, eta Pariseko taldearen erasoa maila altuan mantentzen saiatuko da. Atzeko akatsak aprobetxatu beharko ditu Bartzelonak. Tito Vilanova Kataluniako taldearen aulkira itzuliko da. Arsenaleko entrenatzaile Arsene Wengerrek ere norgehiagokari buruz hitz egin du: "Bartzelona ez da garaiezina".
Bayern Munich – Juventus, asteartean 20:45an
Partida honetako taldeak euren Ligetako liderrak direla, Europako norgehiagokarik handienetariko bat izango da Munich Arenan. Schweinsteiger eta Boateng prest egongo dira Heinckesen taldean. Gainontzeko titularrak ere atseden hartuta izango ditu entrenatzaileak, Bundesligako azken jardunaldian ez zutelako jokatu. Contek, bestalde, Alemaniako taldea gelditzeko indarra zelairatuko du.
Malaga – Borussia Dortmund, asteazkenean 20:45an
Neurketa berdinduena da, agian, fase honetako erakargarriena. Euren herrialdeetako txapelketetan ondo aritu diren bi taldek finalerdiak dituzte jomugan. Bundesligan Bayern hain urrun izanda, Txapeldunen Ligan jarriko ditu Borussiak indar guztiak. Malagak "izaera handiko partida" egin beharko duela uste du Joaquinek, "urrunago heltzeko hautagai sendoa" den arren.
Real Madril – Galatasaray, asteazkenean 20:45an
Real Madril ahalguztidunak txapelketako talde ahulenen artean dago, eta finalerdietara igarotzeko faborito nagusiena da kanporaketa honetan. Jokalari guztiak izango ditu prest Jose Mourinhok. Iker Casillas ere bai, duela bi hilabeteko lesioa osatuta duelako. Entrenatzaileak, aldiz, ez du atezaina final-laurdenetako joanekoan jokatzeko deitu, "Diego Lopez atetik ateratzea oso zaila" ikusten duelako.