Itxi

Txapeldunen Liga

Finala, Lisboan

Real Madrilek irabazi du Txapeldunen Liga, partida iraulita

Leire Etxazarra | eitb.com

Atleticok hartu du aurrea lehen zatian, Casillasen huts bat aprobetxatuta. Banakoa Sergio Ramosek egin du, 93. minutuan. Balek, Marcelok eta Cristianok eman diote garaipena Real Madrili, luzapenean.

Azken urteetan izandako amets handia gauzatu du Real Madrilek: Txapeldunen Liga hamargarrenez irabaztea. Carlo Ancelottiren taldea Atletico Madrili gailendu zaio, 4 eta 1, lehen zatian galtzen hasi den neurketa luzapenean iraulita.

Diego Costa aurrelaria izan da partidako lehen protagonista. Aurrelari brasildarrak bederatzi minutu bakarrik eman ditu zelaian, eta min hartuta erretiratu da. Costak arazoak izan ditu ezkerreko zangoan eta, antza, ez da behar bezala sendatu.

Lehen zatian oreka izan da nagusi, bi taldeek errespetuz egin baitiote aurre elkarri. Gauzak horrela, 32. minutura arte itxaron behar izan dute zaleek lehen gol aukera garbia ikusteko: Tiagok huts ikaragarria egin du zelai erdian, baloia Gareth Bale britainiarrak eskuratu du, arean sartu eta jaurtiketa kanpora joan zaio, gurutzatuta, oso gutxigatik.

Lau minutu geroago, 36.ean iritsi da Atleticoren gola. Jokaldi arraroa izan da; Godinek baloia buruz errematatu du, indar handirik gabe, Casillas bide erdian geratu da, eta Real Madrileko atezaina ez da gai izan atzera bueltatu eta baloia atean sartzea saihesteko.

Godin gol atlético madrid champions efe

Simeoneren taldea nagusi izan da lehen zatiko azken minutuetan, buruz jokatutako baloietan batez ere. Ancelottiren taldea, berriz, ezinean aritu da Atleticoren defentsan zuloren bat aurkitu nahian.

Bigarren zatian, Real Madrilek izan du lehen aukera argia: Cristiano Ronaldok falta bat zuzenean jaurti du 23 metrotik eta Courtoisek baloia kornerrera aldentzea lortu du, langaren gainetik.

Real Madrilen susperraldia eta berdinketa

Minutuek aurrera egin ahala, Real Madril lekua hobeto hartzen joan da zelaian eta erraz iritsi da Courtoisen atearen inguruetara. 62. minutuan, Cristiano Ronaldo ez da gutxigatik iritsi Sergio Ramosek egindako erdiraketa arriskutsua errematatzera, eta 73.ean, Baleren ezkerkada bortitza desbideratuta atera da.

Bigarren zatiko azken minutuak zurienak izan zira. Jaun eta jabe izan da Real Madril, erasoa jo eta jo. Eta ahaleginak saria izan du luzapenean: Sergio Ramosek berdinketa egin du, Atleticoren zaleak garaipena ospatzen hasita zeudenean.

sergio ramos gol real madrid final champions

Luzapena

Luzapenean, jokalariak fisikoki hustuta, Real Madrilek erasoan jarraitu du, Atletico berdinketaren kolpea gainditzen saiatu den bitartean.

Baina benetako kolpea, behin betikoa, Gareth Balek egindako golak eman die. Luzapenaren bigarren zatian egin du galestarrak. Cerezoren taldea etsita geratu da, fisikoki hautsita, eta zuriek ez dute oztoporik izan azken txanpan. Marcelok hirugarren gola egin du, eta Cristianok laugarrena, penaltiz. Txapeldunen Liga balio duten golak. Hamargarrena.