Txapeldunen Liga
Atariko kanporaketak
Astanak historia egin du; United, CSKA eta Leverkusen ere, aurrera
Erredakzioa
Talde hauek ostegun honetan, 17:45ean, Monakoko Grimaldi Foroan egingo den multzoen faseko zozketan egongo dira. BATE Borisov ere sailkatu egin da.
-
Ander Herrerak gol bat sartu du Unitedek Brujasi irabazitako partidan. Argazkia: EFE
Astana taldeak bere historian lehen aldiz jokatuko du Txapeldunen Ligako multzoen fasea, 2012an final-laurdenetara iritsi zen APOEL Nikosiari joaneko partidan 1-0 irabazi eta itzulerakoan bana (1-1) berdindu ostean. Nemanja Maksimovicek sartu du berdinketaren gola Astanarentzat, 84. minutuan.
Manchester Unitedek ere ez du kale egin, eta 0-4 irabazi dio Brujasi Belgikan. Joaneko partidan, 3-1 irabazi zuten "deabru gorriek" Old Trafforden. Ander Herrera bizkaitarrak gola sartu du Van Gaalen taldearen garaipenean.
CSKA Mosku eta Bayer Leverkusen ere ostegunean (17:45) Monakoko Grimaldi Foroan egingo den zozketan izango dira. Errusiarrek 3-1 irabazi diote Lisboako Sportingi, eta joaneko partidan portugaldarrek zuten abantaila (2-1) bertan behera utzi dute. Alemaniarrek ere buelta eman diote Lazioren aurkako kanporaketari. Italiarrek 1-0 irabazi zuten joaneko partida, eta Leverkusenek 3-0 irabazi du itzulerakoan.
Iazko Txapeldunen Ligan Athletici irabazi zion BATE Borisov ere multzoen fasean izango da. Bielorrusiarrek 2-1 galdu dute Partizanen aurka, baina sailkatzea lortu dute, joaneko partidan 1-0 irabazi baitzuten.
Bestalde, asteartean, Valentziak, Malmok, Dinamo Zagrebek, Shakhtar Donetskek eta Maccabi Tel Avivek ere atariko kanporaketak gainditu zituzten.
TALDEEN BANAKETA
1. ontzia: Bartzelona, Chelsea, Bayern Munich, Juventus, Benfica, Paris Saint-Germain, Zenit San Petersburgo eta PSV Eindhoven.
2. ontzia: Real Madril, Atletico Madril, Porto, Arsenal, Manchester United, Valentzia, Bayer Leverkusen eta Manchester City.
3. ontzia: Shakhtar Donetsk, Sevilla, Olympique Lyon, Dinamo Kiev, Olimpiakos, CSKA Mosku, Erroma eta Galatasaray.
4. ontzia: BATE Borisov, , Wolfsburg, Dinamo Zagreb, Maccabi Tel Aviv, Gent, Malmö eta Astana.
lmö eta Astana.