Itxi

Txapeldunen Liga

Txapeldunen Liga

Bartzelona-Inter Milan, (1-0): Barça kanporatu eta Inter, finalera

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Mourinhok zuzentzen duen taldeak defentsa sendoa egin du partida guztian zehar eta bikain defendatu du 65 minutu baino gehiago hamar jokalarirekin ibili arren Mottak txartel gorria ikusi baitu.

Inter Milanek Txapeldunen Ligako finala jokatuko du gaur Camp Nou Bartzelonaren aurka 1-0 galdu duen arren. Italiarrek 3-1 irabazi zuten joaneko partidan eta kanporaketako emaitza orokorra 3-2koa izan da Milanekoen alde.

Partida Bartzelona baloiaren jabe zela hasi zen eta Interrek atzean itxoiten zion talde katalanari. Norgehiagokako lehen gol aukera Bartzelonarena izan zen. Hirugarren minutuan Pedritok jokaldi bikaina egin zuen, baina errematean ez zuen gutxigatik asmatu. Ondorengo minutuetan Bartzelonak ez zuen jakin nola zulatu Interren defentsa lerroa eta ez zen gol aukerarik egon. 27. minutuan, ordea, jokaldi polemikoa etorri zen. Tiago Mottak baloia babestu zuen Busquets atzetik zetorren eta Bartzelonako jokalariak antzerkia eginez epailea engainatzea lortu zuen. Epaileak txartel gorriarekin Motta egotzi zuen eta Inter 10 jokalarirekin utzi zuen. Hamar jokalarirekin oraindik atzerago sartu zen Inter eta Bartzelonak gol aukera bakarra sortu zuen lehen zatia amaitu orduko. Messik 32. minutuan area kanpotik jaurtiketa dotorea atera zuen, baina Julio Cesarrek erantzun paregabea eman zion baloia kornerrera desbideratuz. Horrenbestez, lehen 45 minutuak golik gabe bukatu ziren (0-0).

Bigarren zatiak lehenaren moduko gidoia izan du. Inter sendo defentsan eta Bartzelona defentsa horretan zuloa aurkitu nahian, baina ezin. Azken hamar minutuetara arte ez zen gol aukerarik egon. Azken minutuak tentsio handikoak izan ziren. Bojanek bere buruan izan zuen 1-0ekoa 81. minutuan, baina atepean kanpora bidali zuen errematea. Hurrengo jokaldian Piquek Xaviren pasea jaso zuen area barruan eta maisuki Julio Cesar gainditu zuen. 83. minutuan sartu zuen gola (1-0) Piquek. Kanporaketa alde jartzeko Xavik aukera izan zuen jaurtiketa on baten bitartez, baina Julio Cesarrek erantzun bikaina eman zion gola eragotziz. Azken unera arte saiatu zen Barztelona, baina partida 1-0eko emaitzarekin bukatu zen.

Emaitza horrekin (1-0) eta kanporaketan 3-2ko emaitza orokorarrekin Inter Milanek Txapeldunen Ligako finala jokatuko du maiatzaren 22an Bernabeun Bayern Munichen aurka.

Fitxa teknikoa:

1 - FC Bartzelona: Valdes; Alves, Pique, Toure, Milito (Maxwell, 46. min); Xavi, Busquets (Jeffren, 63. min), Keita, Messi, Ibrahimovic (Bojan, 63. min) eta Pedro.

0 - Inter: Julio Cesar; Maicon, Lucio, Samuel, Zanetti; Cambiasso, Motta; Chivu, Sneijder (Muntari, 66. min), Eto''o (Mariga, 86. min); y Milito (Cordoba, 81. min).

Epailea: Frank de Bleeckere (BEL).
Gola: 1-0, 84. min: Pique.