Txapeldunen Liga
Txapeldunen Liga
Rubin Kazan-Bartzelona, (1-1): Errusiarrak Bartzelonaren amesgaiztoa
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Noboak eta Villak sartu dituzte golak, biek penaltiz. eitb.com-ek eta ETB-1ek zuzenean eskainiko dute Valentzia-Manchester United norgehiagoka 20:45ean.
Bartzelonaren amesgaiztoa izaten jarraitzen du Rubin Kazanek. Gaur Errusian jokatu duten partidan bana berdindu dute (1-1) bi talde hauek.
Rubin Kazanek seiko defentsa lerroa jarrita Bartzelonaren erasoaldiak ekidin ditu eta kontraerasoa ondo baliatu dute errusiarrek. Halako baten Kazanekoak area barruan sartu eta Dani Alvesek penaltia egin zuen. Noboa kapitainak ez zuen kale egin eta 1-0ekoa sartu zuen. Horrela, 1-0ekoarekin bukatu zen lehen zatia.
Bigarren zatian, antzeko gidoia eta Bartzelona ezinean. Rubin Kazan, aldiz, sendo defentsan. Barçak ere penaltiz sartu zuen gola. 59. minutuan Iniestari egin zioten penaltia eta Villak egin zuen 1-1ekoa. Gola sartuta Messi atera zen berdegunera. Argentinarrak arriskua sortu zuen, baina ezin gola egin. 85. minutuan Martinsen burukada Valdesek defendatutako ateko zutoinera joan zen. Azken minutuan Iniestak ere gol aukera izan zuen, baina bere jaurtiketa langa urratuz kanpora joan zen.
Azkenean 1-1ekoarekin bukatu zen partida eta Bartzelonak lau puntu ditu D multzoan. Rubin kazanek bere lehen puntua eskuratu du.