Txapeldunen Liga
Hirugarren jardunaldia
Txapeldunen Liga: Real Madril-Milan, jardunaldiko partida Bernabeun
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Bi taldeek jokoan dute G multzoko lidergoa. Spartak Mosku-Chelsea partidak emango dio hasiera hirugarren jardunaldiari arratsaldeko 18:30ean.
Astearte honetan emango zaio hasiera Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldiari. E, F, G eta H multzoetako taldeen txanda izango da.
Jardunaldiko partida azpimarragarriena Real Madrilek eta Milanek (20:45) Santiago Bernabeun jokatuko duten norgehiagoka da. Madrildarrak dira G multzoko liderrak 6 punturekin eta italiarrak bigarren daude 4 punturekin. Multzo honetako beste partidan Ajax eta Auxerre ariko dira aurrez aurre.
Spartak Mosku-Chelseak emango dio hasiera jardunaldiari arratsaldeko 18:30ean. Biak 6na punturekin dira F multzoko buruan eta lidergoa dute jokoan. Olympique Marsellak eta Zilinak jokatuko dute multzo honetako beste partida. Bi talde hauek aukera bikaina dute Txapeldunen Liga honetan lehen puntuak eskuratzeko.
E multzoko faboritoak dira Bayern Munich eta Roma. Alamaniarrek 6 puntu dituzte eta liderrak dira. Cluj izango dute aurkari. Errumaniarrek 3 puntu dituzte. Bestalde, Romak (3 puntu ditu) ezin du etxean kale egin Basilearen aurka.
H multzoan ere liderren arteko lehia izango dugu ikusgai. Arsenalek Shakhtar Donetsken aurka jokatuko du bi taldeek 6na puntu dituztelarik. Irabazleak final-zortzirenetako txartela oso gertu izango du. Multzo honetako beste partidan Sporting Braga eta Partizan ariko dira nor baino nor.
Hirugarren jardunaldiko partidak (asteartekoak):
18:30 SPARTAK MOSKU - CHELSEA
20:45 O. MARSELLA - ZILINA
20:45 AJAX - AUXERRE
20:45 REAL MADRIL - MILAN
20:45 SPORTING BRAGA - PARTIZAN
20:45 ARSENAL - SHAKHTAR DONETSK
20:45 ROMA - BASILEA
20:45 BAYERN MUNICH - CFR CLUJ