Txapeldunen Liga
Gaur, 20:45ean
PSG eta Real Madril, final-laurdenetarako txartelaren bila
Erredakzioa
Pariseko eta Madrileko taldeek 20:45ean jokatuko dute Printzeen Parkean Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzuliko partida. Joanekoa Real Madrilek irabazi zuen (3-1).
-
Real Madril, Printzeen Parkean. Argazkia: EFE
PSGk eta Real Madrilek gaur jokatuko dute, 20:45ean, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzuliko partida Pariseko Printzeen Parkean. Real Madrilek 3-1 irabazi zuen joaneko neurketa.
Giro beroa espero da Printzeen Parkeko harmailetan. PSGk ultrekin bideoak publikatu ditu klubaren webgunean eta sare sozialetan eta giroa berotzen saiatu da. UEFAk ez du ezer egin horren inguruan, nahiz eta teorian horren guztiaren aurka dagoen Europako futbolaren erakunde gorena.
Real Madrilek joaneko partidan lortutako 3-1ekoa du alde. Zinedine Zidane entrenatzaileak Luka Modricen eta Toni Kroosen zalantzak ditu min hartuta egon direlako, baina badirudi jokatzeko prest egongo direla. Kroosek zailago du jokatzea eta alemaniarrak jokatu ezin badu, Mateo Kovacicek jokatuko du bere ordez. Marcelok hasieratik jokatuko du egun batzuk min hartuta eman ostean. Joaneko partidarekin alderatuta Carvajalek jokatuko du eskuin hegalean Nachoren ordez. Zidanek zalantza bakarra du aurrealdean; Bale edo Asensio jartzea hasieratik.
Bestalde, PSGk aurkako 3-1ekoa irauli beharra dauka. Gainera, Neymarren baja izango du, brasildarra lesionatuta baitago. Neymarrek 2 edo 3 hilabete emango ditu bajan. Angel Di Mariak beteko du bere tokia. Mbappe ere jokatzeko prest egongo da, baita Marquinhos ere. Unai Emeryk zalantzak ditu atzealdean; defentsaren erdialdean Marquinhosek ziur jokatuko du baina Hondarribiako entrenatzaileak Thiago Silva edo Kimpembe jartzearekin du zalantza. Ezker hegalean Kurzawak jokatuko du Yuri Berchicheren ordez.
Ustezko hamaikakoak:
Paris Saint-Germain: Areola; Dani Alves, Marquinhos, Kimpembe, Kurzawa; Verratti, Motta, Rabiot; Mbappe, Cavani eta Di Maria.
Real Madril: Keylor Navas; Carvajal, Ramos, Varane, Marcelo; Modric, Casemiro, Kroos, Isco; Cristiano Ronaldo eta Benzema.
Epailea: Felix Brych (ALE).
Zelaia: Printzeen Parkea.
Ordua: 20.45ean.