Txapeldunen Liga
Asteazkenean, 20:45ean
Tottenham, final-laurdenetara lehen aldiz sailkatzeko aukeraren aurrean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asteazkeneko jardunaldiko beste partidan, Manchester Cityk esku-eskura dauka hurrengo kanporaketarako txartela, joanekoan 0-4 irabazi ostean Basilearen etxean.
-
Harry Kane, Tottenhameko jokalaririk nagusiena. Argazkia: EFE
Tottenham bere historian lehen aldiz sailka daiteke asteazken honetan Txapeldunen Ligako final-laurdenak jokatzeko; horretarako, Turinen Juventusen aurka lortutako binako emaitza (2-2) baliatu beharko du.
Bigarren aldia da Ingalaterrako taldea final-zortzirenak jokatzen ari dela. Alabaina, ligaxkan egindako lan ona kareletik botatzeko zorian egon zen joaneko partida hasi eta berehala, lehen zatiko hamargarren minutua bete orduko bi goleko aldearekin galtzen baitzegoen. Dena dela, lasaitasunari eusteko gai izan ziren, eta berdinketa baliotsua lortu zuten Juventusen zelaian. Gainera, zortea ere lagun izan zuten, Gonzalo Higuain aurrelariak penalti bat huts egin baitzuen.
Argentinarra protagonista da berriro ere, baina oraingo honetan bere egoera fisikoarengatik; izan ere, orkatilan duen lesio batek zalantzan jartzen du Massimiliano Allegri entrenatzaileak zelairatuko duen hasierako hamaikakoan egon ahal izatea.
Londres hiri madarikatua da Turingo taldearentzat, sei aldiz jokatu baitu bertan eta oraindik ez daki zer den irabaztea.
Mario Mandzukic baja izango du Juventusek; Dybala, berriz, jokatzeko gertu egongo da.
Bere aldetik, Mauricio Pochettinoren Tottenhamek defentsan ditu hutsuneak: Serge Aurier zigortuta dago eta Toby Alderweireld, ostera, lesionatuta. Halaber, Londreseko taldeak aurrera egin ahal izateko dituen aukerak Harry Kane aurrelariaren eskutik etorriko dira ziur asko.
Asteazkeneko jardunaldian jokatuko den beste norgehiagokari dagokionez, Manchester Cityk bere sailkapena lortuko du, baldin eta ezusteko erraldoi bat gertatzen ez bada Etihad Stadium zelaian. Basilea izango du aurkari Guardiolaren taldeak Suitzan lortutako 0-4koa alde dutela.