Txapeldunen Liga
Final-laurdenak (itzulikoa)
Finalerdietarako txartelak jokoan, Real Madril-Juventus eta Bayern-Sevilla partidetan
eitb.eus
Asteazken honetan jokatuko dira final-laurdenetako itzuliko partidak. Real Madrilek 0-3 irabazi zion Juveri joaneko neurketa eta Bayernek 1-2 irabazi zion Sevillari.
-
Cristiano Ronaldo, Real Madrilen entrenamenduan. Argazkia: EFE
Asteazken honetan jokatuko dira Txapeldunen Ligako final-laurdenetako itzuliko partidak. Finalerdietara sailkatzeko azken bi txartelak egongo dira jokoan Real Madril-Juventus eta Bayern Munich-Sevilla partidetan. Bi neurketak, 20:45ean jokatuko dira.
Santiago Bernabeun Real Madrilek Juventusen bisita jasoko du. Zidanek zuzentzen duen taldeak 0-3 irabazi zuen joaneko partida Juventus Stadiumean. Merengeek, zigortuta dagoen Sergio Ramosen baja du, eta lesionatuta dagoen Nacho ere baja da. Juventusek, bestalde, Dybalaren baja izango du, egotzia izan baitzen joaneko neurketan eta Pjanic jokatzeko prest izango du.
Allianz Arenan, Bayernek Sevilla izango du aurkari. Talde Alemaniarrak Bundesliga irabazi zuen asteburuan eta final-laurdenetako joaneko partida 1-2 irabazi zuen Sanchez Pizjuanen. Sevillak historia egin nahi du joaneko emaitza iraulita eta lehen aldiz finalerdietara sailkatuta.