Itxi

Txapeldunen Liga

Olímpico de Kiev, 20:45

Real Madril eta Liverpool, nor baino nor 'Belarriluzea'ren bila

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kieveko Estadio Olinpikoak oso final ikusgarria hartuko du, zeharo erasokorrak diren bi taldeen artean.

  • Real Madril finalaren aurretik egin duen entrenamenduan. Argazkia: EFE

    Real Madril finalaren aurretik egin duen entrenamenduan. Argazkia: EFE

Real Madrilek eta Liverpoolek 2017/2018ko Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute. Talde zuria bere hamahirugarren garaikurra irabazten saiatuko da (hirugarrena jarraian), baina horretarako txapelketan zehar erasoko ahalmen izugarria erakutsi duen Liverpool azpiratu beharko du, bere seigarren "Belarriluzea" lortu nahiko duena.

Kieveko Estadio Olinpikoak oso final ikusgarria hartuko du, oso erasokorrak diren bi taldeen artean, eta, ondorioz, bata zein bestea ohi baino finago aritu beharko dira defentsa-lanetan.

Zinedine Zidanen mutilek erakutsi dute aurretik ere badakitela ondo moldatzen horrelako giroetan, eta bata bestearen atzetik jokatuko duten hirugarren finalak ematen duen eskarmentua plazaratzen saiatuko dira.

Liverpool, ordea, ez dago hain ohituta halako egoeratara, baina taldea zuzentzen Juergen Klopp dauka, hau da, bere jokalariak motibatzen iaioa den entrenatzailea. Gainera, aurreratu duenez, ez dio bere estilo ausartari uko egingo final baten aurrean egon arren.

Norgehiagokari eutsita, talde bietako aurrelariengan egongo dira jarrita begirada guztiak, batez ere Ingalaterrako taldearenean; izan ere, Mohamed Salah, Roberto Firmino eta Sadio Manek txapelketa ikusgarria bete dute. Talde guztiak 40 gol sartu ditu denetara, eta horietako 29 hiru aurrelarien eskutik etorri dira. Horrek san nahi du egungo txapeldunek baino 10 gol gehiago lortu dituztela, horien erdiak Cristiano Ronaldok egindakoak izanik.

Bale edo Benzema, Zidanen zalantza nagusiena

Zidanek bere hamaikakoa osatzeko duen zalantza handiena da ea Karim Benzema aurrelari frantziarra hautatuko duen (Liverpoolek planteatuko duen presioari aurre egiteko aukera gehiago ematen ditu) edota Gareth Baleren aldeko aukera egingo duen (ligako azken norgehiagoketan ondo jardun du eta taldeko bigarren golegilerik onena da).

Kloppek, aitzitik, zalantza gutxiago ditu bere taldea osatzeko garaian, Alexander Oxlade-Chamberlain eta Joe Gomezek ezin izango baitute jokatu lesionatuta egoteagatik. Haien ordez Wijnaldum eta Robertson arituko dira. Horrez gain, entrenatzaile alemaniarrak James Milner beteranoa jokatzeko moduan izango du, eta Emre Can ere erabil dezake, baina itxura guztien arabera alemaniarrak ordezkoen aulkitik ekingo dio finalari.

Balizko hamaikakoak:

Real Madril: Keylor Navas; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Casemiro, Kroos, Modric, Isco; Bale eta Cristiano Ronaldo.

Liverpool: Karius; Alexander-Arnold, Lovren, Van Dijk, Robertson; Henderson, Milner, Wijnaldum; Mané, Salah eta Firmino.

Epailea: Milorad Mazic (SRB).

Futbol Zelaia: Kieveko Estadio Olinpikoa (Ukraina).