Itxi

Txapeldunen Liga

6. jardunaldia

Shakhtar eta Olympique Lyon, final-zortzirenetarako azken txartelaren bila

eitb.eus

Ukrainarrek garaipena behar dute F multzoko bigarren postua lortzeko eta frantziarrei berdinketak ere balio die. Jardunaldia 18:55ean hasiko da G multzoko partidekin.

  • Shakhtar Donetsk. Argazkia: @FCShakhtar

    Shakhtar Donetsk taldeko jokalariak asteleheneko entrenamenduan. Argazkia: @FCShakhtar

Gaur, asteazkenean, jokatuko dira Txapeldunen Ligako E, F, G eta H multzoetako seigarren eta azken jardunaldiko partidak. Jardunaldia 18:55ean hasiko da G multzoko neurketekin eta beste norgehiagoka guztiak 21:00etan hasiko dira.

F multzoa da bigarren talde sailkatua zein izango den ezagutzen ez duen bakarra. Shakhtar Donetskek (3. postuan, 5 punturekin) eta Olympique Lyonek (2. postuan, 7 punturekin) elkarren aurka jokatuko dute, final-zortzirenetara sailkatzeko txartela jokoan dutela. Bestalde, lehen postua ziurtatuta duen Manchester Cityk azken sailkatua den Hoffenheimen (4 puntu) aurka jokatuko du Etihad estadioan.

Jardunaldiko partida handietako bat Ajaxek eta Bayern Munichek Amsterdam Arenan jokatuko dutena izango da. Bayern (13 puntu) liderra da, eta Ajax (11 puntu) bigarren postuan da. Holandarrei garaipenak bakarrik balio die lehen postua eskuratzeko. Multzoko beste partidan, 3. postua ziurtatuta duen Benficak (4 puntu) kanporatuta dagoen AEK Atenasen (punturik ez) aurka jokatuko du Lisboan.

H multzoan erabakita daude sailkatuta dauden bi taldeak eta Europa Liga jokatuko duen taldea, baina lehen bi posizioen ordena dago zehazteke. Juventus (12 puntu) liderra da, eta kanporatuta dagoen Young Boys (puntu 1) izango du aurkari Suitzan. Valentziak (5 puntu) bigarren postuan den Manchester United (10 puntu) hartuko du Mestallan.

G multzoko neurketek irekiko dute jardunaldia, 18:55ean. Real Madrilek lehen postua ziurtatuta du, eta CSKA Mosku (4. postuan, 4 punturekin) izango du aurkari Santiago Bernabeun. Errusiarrek hirugarren postuan amaitu nahi dute Europa Ligara sailkatzeko. Viktoria Plzenek (3. postuan, 4 punturekin) helburu berarekin ekingo dio bigarren postua ziurtatuta duen Erromaren (9 puntu) aurkako partidari.

E, F, G eta H multzoetako 6. jardunaldiko partidak:

E Multzoa:

Ajax - Bayern Munich (21:00etan)

Benfica - AEK Atenas (21:00etan)

F Multzoa:

Shakhtar Donetsk - Olympique Lyon (21:00etan)

Manchester City - Hoffenheim (21:00etan)

G Multzoa:

Real Madril - CSKA Mosku (18:55ean)

Viktoria Plzen - Roma (18:55ean)

H Multzoa:

Young Boys - Juventus (21:00etan)

Valentzia - Manchester United (21:00etan)