Txapeldunen Liga
Epaitegietara eramango dute
Schalke 04k entrenatzaile kargutik kendu du Felix Magath
Erredakzioa
Talde alemanak ez ditu arrazoi gehiegirik eman. "Arrazoi nahikoa ditugu entenatzailea botatzeko" esan dute klubeko arduradunek. Salaketa jarriko dute kontratua hausteagatik dirua ez ordaintzeko.
Schalke 04 talde alemaniarrak entrenatzaile kargutik kendu du Felix Magath arrazoi gehiegirik eman gabe, baina fitxaketetan klubarren estatutuak urratu zituela adierazten dute Alemanian.
"Klubaren ikuspuntutik nahikoa arrazoi daude Magath kargutik kentzeko. Ez dugu ezer publiko egingo prozesu judiziala baitatorkigu", adierazi du Clemens Tönnies Schalke 04ko Zaintza Batzordeko presidenteak.
Magath entrenatzaile izateaz gain managerra eta Zuzendaritza Kontseiluko kidea zen. Kontratua zuen 2013ra arte eta akordioa hausteak 12 milioi euroko kostua izango luke talde alemaniarrarentzat. Kopuru hau aurrezteko Schalkek salaketa jarriko du Magathek fitxaketa batzuk egitean klubaren estatutuak urratu zituela argudiatuz.
Entrenatzailea kargutik kentzea erabaki du Schalkek taldea Txapeldunen Ligako final-laurdenetara sailkatu berri denean eta txapelketa honetan jarraitzen duen talde alemaniar bakarra da. Gainera, Schalke 04 Alemaniako Kopako finalerako sailkatuta dago. Hori bai, Bundesligan uste baino denboraldi kaskarragoa burutzen ari da.