Itxi

Txapeldunen Liga

Final-zortzirenak

Atletico–Juventus eta City-Schalke, final-zortzirenetako joaneko azken partidak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Cristiano Ronaldo izango da talde italiarrak Wanda Metropolitanora egingo duen bisitako protagonista nagusia.

  • Cristiano Ronaldo. Argazkia: EFE

    Cristiano Ronaldo. Argazkia: EFE

Atletico Madrilek eta Juventusek Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako partida jokatuko dute asteazken honetan Wanda Metropolitanon, eta Cristiano Ronaldo aurrelari portugaldarra izango da protagonista nagusia bertan.

Atleticok irabazi egin ditu bere etxean jokatu dituen Europako azken zortzi neurketak, eta bide horri heldu nahi dio Juventus ere menderatzeko. Talde italiarra, baina, txapelketa irabazteko faboritoen artean dago, eta, gainera, bideratuta du Italiako txapelketa, dagoeneko 13 puntura baitu bigarren sailkatua, Napoles.

Madrilgo taldearen erasoko jokoan, Antoine Griezmann frantziarra hasieratik arituko da, seguru, eta litekeena da Alvaro Moratak jokatzea berarekin batera. Morata Juventusen aritu zen 2014 eta 2016. urteen artean, eta 27 gol sartu zituen italiarrekin jokatu zituen 93 partidetan. Diego Costa lesio batetik atera berri da, eta aulkitik ekingo dio neurketari.

Juventusek, bere aldetik, jokalari guztiak ditu jokatzeko moduan, Sami Khedira izan ezik. Jokalari alemaniarra deialditik kanpo geratu da azken orduan, arritmia bat dela-eta. Haatik, Douglas Costa deialdian sartu da, giharretako arazoak gainditu berritan.

Juveren erasoko jokoan hiru izen nabarmentzen dira beste guztien gainetik: Cristiano Ronaldo, Atleticon aritutako Mandzukic eta Paulo Dybala aurrelari argentinarra.

Balizko hamaikakoak:

Atletico Madril: Oblak, Juanfran, Gimenez, Godin, Filipe, Saul, Rodrigo, Thomas, Koke edo Lemar, Griezmann eta Morata edo Diego Costa.

Juventus: Szczesny, Cancelo, Bonucci, Chiellini, Alex Sandro, Khedira edo Bentancur, Pjanic, Matuidi, Dybala, Mandzukic eta Cristiano.

Epailea: Felix Zwayer (Alemania).

Futbol-zelaia: Wanda Metropolitano.

Ordua: 21:00.


Jardunaldiko beste partidan, Manchester Cityk Schalke 04ren zelaia bisitatuko du bere ibilbide geldiezinari jarraipena emateko asmoz. Alemaniarrentzat, aldiz, saria da final-zortzirenetako kanporaketan egotea, azken urteetako denboraldi okerrena egiten ari baitira.

Pep Guardiolaren taldea sasoiko dago: partida bakarra galdu du jokatu dituen azken 10 neurketetan, eta Premier League txapelketako buru da, Liverpoolekin berdinduta, (Kloppen taldeak baino norgehiagoka bat gehiago jokatu du). Gainera, izugarrizko gol jarioa duela erakusten ari da, orain arte 116 gol egin baititu (jokatu dituen lehiaketa guztiak aintzat hartuta).

Schalke 04, berriz, bolada txarra du, azken urteetako denboraldi kaskarrena izaten ari den honetan. Hamalaugarren tokian daude kokatuta Bundesligan, Europarako sailkapena ematen duten postuetatik 12 puntura; ordea, gertuago dituzte jaitsierako postuak, zortzi puntura, hain zuzen ere.

Balizko hamaikakoak:

Schalke 04: Fährmann, Cagliuri, Nastasic, Sane, Oczipka, Rudy, Bentaleb, Konoplyanka, McKennie, Serdar eta Uth.

Manchester City: Ederson, Walker, Stones, Laporte, Danilo, Fernandinho, De Bruyne, David Silva, Sane, Sterling eta Aguero.

Epailea: Carlos del Cerro Grande (Espainia).

Futbol-zelaia: Veltins Arena.

Ordua: 21:00.