Itxi

Txapeldunen Liga

Final-zortzirenak

Ez da golik egon Lyon-Bartzelona eta Liverpool-Bayern kanporaketetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Hutsean berdindu dute batzuek zein besteek, eta, ondorioz, martxoaren 13an jokatuko diren itzuliko partidetan erabakiko da dena.

  • Lionel Messi (ezkerrean) eta Ferland Mendy (eskuinean)

    Lionel Messi (ezkerrean) eta Ferland Mendy (eskuinean). Argazkia: EFE

Bartzelonak eta Olympique Lyonek huts eta huts berdinduta amaitu dute astearte honetan jokatu duten Txapeldunen Ligako final-zortzirenei zegokion joaneko partida.

Norgehiagoka lehiatua izan da, eta talde biek izan dituzte gol egiteko aukera ugari. Ernesto Valverderen mutilek aukera gehiago eta argiagoak izan dituzte, baina ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean. Ondorioz, Nou Campen erabaki beharko da kanporaketa.

Partida polita izan da, markagailuan aldaketarik egon ez arren. Frantziarrek estu hartu dute talde katalana zenbait unetan; aitzitik, Ter Stegen atezaina erne ibili da berriz ere behar zenean arriskua aldentzeko.

Dena dela, aipatu legez, Bartzelonak izan ditu abagunerik garbienak, baina Messi eta Luis Suarez ez dira gai izan etxekoen atea zulatzeko.

Fitxa teknikoa

0 – Olympique Lyon: Lopes, Dubois, Marcelo, Denayer, Marçal, Ndombele, Aouar, B. Traoré (Tousart, 68. min), Depay, Terrier (Cornet, 76. min) eta Moussa Dembele (Cheikh, 84. min).

0 - Bartzelona: Ter Stegen, Semedo, Pique, Lenglet, Jordi Alba, Sergi Busquets, Sergi Roberto (Arturo Vidal, 81. min), Rakitic, Messi, Suarez eta Ousmane Dembele (Coutinho, 67. min).

Epailea: Cuneyt Çakir (Turkia). Txartel horiak: Aouar eta Dubois (Lyon); Sergi Roberto eta Semedo (Bartzelona).


Mohamed Salah (ezkerrean) eta Franck Ribery (eskuinean). Argazkia: EFE

Golik gabeko berdinketarekin bukatu dute euren arteko lehia Liverpoolek eta Bayern Munichek ere. Jurgen Kloppen taldea gogotsuago ibili da golaren bila, baina batzuk eta besteak antzu ibili dira aurkariari min egiteko garaian.

Horrenbestez, Txapeldunen Liga bost aldiz irabazi duten bi talde hauen arteko norgehiagoka martxoaren 13an erabakiko da, Allianz Arenan. Historian behin jokatu dute elkarren aurka txapelketa honetan, 1981eko finalerdietan, eta Liverpoolek egin zuen aurrera orduan, etxetik kanpo lortutako golen balio bikoitzari esker. Gauza bera gerta liteke bi aste barru ere.

Fitxa teknikoa

0 - Liverpool: Alisson, Alexander-Arnold, Matip, Fabinho, Robertson, Wijnaldum, Henderson, Keita (Milner, 76. min), Salah, Mane eta Firmino (Origi, 76. min).

0 - Bayern Munich: Neuer, Kimmich, Süle, Hummels, Alaba, Thiago, Martinez, James (Sanches, 88. min); Gnabry (Rafinha, 91. min), Lewandowski eta Coman (Ribery, 81. min).

Epailea: Gianluca Rocchi (Italia). Txartel horiak: Henderson (Liverpool); Kimmich (Bayern Munich).