Itxi

Txapeldunen Liga

Final-zortzirenak

Atleticok eta Manchester Cityk hurbilago dituzte final-laurdenak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Madrildarrek 2-0 irabazi diote Juventusi, Wanda Metropolitanon. Guardiolaren taldeak, aldiz, Schalke 04 garaitu du etxetik kanpo (2-3).

  • Atletico Madrilgo jokalariak lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Atletico Madrilgo jokalariak lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Atletico Madril 2-0 gailendu zaio Juventusi ostegun honetan, Wanda Metropolitanon jokatu den Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partidan. Bigarren zatian heldu dira Atleticoren bi golak, Jose Maria Gimenez eta Diego Godin uruguaitarren eskutik, geldikako bi jokalditan.

Bi gol horiek ahantzarazi egin dute minutu gutxi batzuk lehenago VARak Alvaro Moratari baliogabetutako gola, Giorgio Chiellini defentsa italiarrari falta egiteagatik.

Horrenbestez, Simeoneren taldea abantaila argiarekin joango da Italiara, martxoaren 12an bueltako neurketa jokatzera. Alabaina, lehia horretan ezingo dute parte hartu ez Diego Costa aurrelariak, ez Thomas Partey erdilariak, batak zein besteak txartel horia ikusi baitute; partida bateko zigorra bete beharko dute, beraz.

Fitxa teknikoa:

2 - Atletico Madril: Oblak, Juanfran, Gimenez, Godin, Filipe, Saul, Thomas (Lemar, 60. min), Rodrigo, Koke (Correa, 66. min); Griezmann eta Diego Costa (Morata, 58. min).

0 - Juventus: Szczesny, De Sciglio, Bonucci, Chiellini, Alex Sandro, Bentancur, Pjanic (Can, 71. min), Matuidi (Cancelo, 84. min), Dybala (Bernasdeschi, 80. min), Mandzukic eta Cristiano Ronaldo.

Golak: 1-0, 77. min: Gimenez. 2-0, 82. min: Godin.

Epailea: Felix Zwayer (Alemania). Txartel horiak: Diego Costa, Thomas eta Griezmann (Atletico Madril); Alex Sandro (Juventus).


Aguerok sartu du Cityren lehen gola. Argazkia: EFE

Jardunaldiko bigarren partidan, Manchester Cityk 2-3 irabazi dio Schalke 04ri, azken bost minutuetan eta hamar jokalarirekin zegoela (Otamendi argentinarrak bi txartel hori ikusi ditu) partida iraultzea lortu eta gero.

Guardiolaren taldeak hartu du aurrea markagailuan, lehen zatiko 18. minutuan. Aguero argentinarra izan da golegilea, David Silvaren pase bat aprobetxatuta. Gerora iritsi dira, ordea, Nabil Bentaleb jokalari aljeriarrak penalti puntutik etxekoentzat sartu dituen bi golak. Horrenbestez, 2-1eko markagailuarekin joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatia bukatzear zela, eta, ondorioz, garaipena Alemanian geratu behar zela zirudienean, Cityren beste bi golak iritsi dira, hamar jokalarirekin ari zenean, gainera.

Schalken aritutako Leroy Sane jokalariak berdindu du neurketa. Alemaniarrak falta jaurtiketa ikusgarri baten bidez lortu du bere taldearen bigarren gola.

Bost minutu geroago, Sterlingen txanda izan da. Aurrelari txiki bezain azkarrak bere atezainaren pase luze bat baliatu du Schalkeren defentsa ustekabean harrapatu eta garaipenaren gola erdiesteko.

Fitxa teknikoa:

2 – Schalke 04: Fahrmann, Bruma, S. Sane, Nastasic, Caligiuri, Serdar, Bentaleb, Oczipka, McKennie (Skrzybinski, 78. min), Mendyl (Burgstaller, 65. min) eta Uth (Harit, 88. min).

3 - Manchester City: Ederson, Walker, Fernandinho, Otamendi, Laporte, Gundogan, De Bruyne (Zinchenko, 87. min), David Silva (Kompany, 70. min), Bernardo Silva, Aguero (L. Sane, 78. min) eta Sterling.

Golak: 0-1, 18. min: Aguero. 1-1, 38. min: Bentaleb (penaltiz). 2-1, 45. min: Bentaleb (penaltiz). 2-2, 85. min: L. Sane. 2-3, 90. min: Sterling.

Epailea: Carlos del Cerro Grande (Espainia). Txartel horiak: Uth, Sane eta Burgstalle (Schalke 04); Fernandinho, Eder eta Otamendi (Manchester City). Otamendiri bi txartel hori atera dizkio; horrenbestez, epaileak kalera bota du 60. minutuan.