Txapeldunen Liga
FINAL-LAURDENAK
Hemen dira final-laurdenak: Tottenham vs City eta Liverpool vs Oporto
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Astearte honetan, Txapeldunen Ligako lehen final-laurdenei dagozkien joaneko partidak jokatuko dira, 21:00etatik aurrera.
-
Tottenhameko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Tottenhamek Pep Guardiolaren Manchester City hartuko du astearte honetan, Tottenham Hotspur Stadium futbol-zelai estreinatu berrian. Txapeldunen Ligako final-laurdenei dagokion joaneko partidan izango dira nor baino nor gehiago bi talde ingelesak.
Guardiolaren taldeak bizi duen bolada bikainak (11 garaipen lortu ditu errenkan lehiaketa guztietan) erronka gogorrari egin beharko dio aurre Londreseko taldearen etxean.
Tottenham Premier League txapelketa irabazteko lehian buru-belarri sartuta ibili da duela jardunaldi batzuetara arte (Liverpool eta Cityrekin batera), baina bost neurketa eman zituen garaipenik lortu gabe, eta orain Txapeldunen Ligan ditu jarrita bere itxaropen guztiak.
Mauricio Pochettinok Guardiolaren aurka jokatu dituen 14 neurketetatik bi besterik ez ditu irabazi, eta, hartara, bere taldeak lan bikaina egin beharko du defentsan, aurkariaren erasoko joko-uholdea geldiarazteko. Horrez gain, Eriksen daniarraren eta, batez ere, Harry Kane golegile apartaren jardunik onenak agertzea komeniko zaio argentinarraren taldeari.
Bere aldetik, Cityk ikaratzeko moduko marka darama 2019 urtea hasi zenetik: 20 lehia irabazi ditu jokatu dituen 22 neurketetan. Gainera, Sergio Aguero aurrelari argentinarra jokatzeko moduan egon daiteke, eta horrek arazo gehiago ekarriko dizkie Tottenhameko atzelariei.
Balizko hamaikakoak:
Tottenham: Lloris, Alderweireld, Davinson, Vertonghen, Trippier, Sissoko, Alli, Eriksen, Davies, Son eta Kane.
Manchester City: Ederson, Walker, Otamendi, Laporte, Mendy, Fernandinho, Gundogan, De Bruyne, Sterling, Aguero eta Bernardo Silva.
Epailea: Björn Kuipers (Herbehereak).
Futbol-zelaia: Tottenham Hotspur Stadium.
Ordua: 21:00.
--------------------------------------------------------------------
Jardunaldiko beste norgehiagokan, Liverpoolek eta Oportok neurtuko dituzte indarrak. Ingalaterrako taldeak zalantzaz beteriko bidegurutze batean murgilduta egingo dio aurre kanporaketari: batetik, bere herrialdeko liga irabazteko hautagai nagusia da Cityrekin batera; baina, bestetik, ez du baztertu nahi Txapeldunen Liga bereganatzeko aukera. Hartara, beldur da txapelketa batean aurrera egiteak ez ote dizkion indar gehiegi xahutuko beste txapelketari aurre egiteko xedean.
Hala ere, bere zale gehienek liga txapelketa irabaztea dute buruan, Anfielden duela 30 urte ikusten ez duten lorpena baita.
Egoera horretan hartuko dute talde portugaldarraren bisita Liverpoolekoek. Joan zen denboraldian final-zortzirenetan lehiatu ziren elkarren kontra, eta orduko hartan Jurgen Kloppen taldea nagusitu zen kanporaketan (0-5, Do Dragaon eta 0-0, Anfielden).
Kloppek izango duen hutsune nagusiena Andy Robertson hegaleko jokalariarena izango da. Eskoziarrak txartel horia ikusi zuen Bayernek aurkako neurketako azken minutuetan, eta zigortuta dago.
Oportok ere lehia estua dauka Benficarekin Portugalgo liga irabazteko nahian. Talde biak berdinduta daude 69 punturekin txapelketa bukatzeko sei jardunaldiren faltan.
Sergio Conceiçao Oportoko entrenatzaileak Vincent Aboubakar kamerundarra min hartuta dauka, eta zigortuta daude Pepe portugaldarra eta Hector Herrera mexikarra.
Balizko hamaikakoak:
Liverpool: Alisson, Alexander-Arnold, Matip, Van Dijk, Moreno, Henderson, Wijnaldum, Milner, Mane, Salah eta Firmino.
Oporto: Casillas, Pereira, Militao, Felipe, Telles, Danilo, Oliver Torres, Corona, Otavio, Soares eta Marega.
Futbol-zelaia: Anfield.
Epailea: Mateu Lahoz (Espainia).
Ordua: 21:00.