Itxi

Txapeldunen Liga

1. JARDUNALDIA

Liverpoolek galdu egin du Napolesen eta Valentziak garaipena lortu Stamford Bridgen

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lehiaketako egungo txapeldunak porrotarekin ekin dio txapelketari Italian (2-0); Valentziak, berriz, irabazi egin dio Chelseari Stamford Bridgen.

  • Napoliko jokalariak Mertensen gola ospatzen.

    Napoliko jokalariak Mertensen gola ospatzen. argazkia: EFE

Txapeldunen Ligako lehenengo jardunaldiak ezustekotzat har daitezkeen zenbait emaitza ekarri ditu.

Horietako bat Liverpoolen porrota izan da. Lehiaketako egungo txapeldunak 2-0 galdu du Napoliren etxean. Hori bai, joan zen denboraldian ere Jurgen Kloppen mutilek galdu egin zuten Sao Paolon (1-0). Partidako golak bigarren zatian heldu dira: lehendabizikoa, Dries Mertens aurrelari belgikarrak penaltiz egin duena eta, bigarrena, Fernando Llorentek lehia amaitzear lortutakoa.

Bere aldetik, Valentziak garaipen handia erdietsi du Chelsearen zelaian (0-1). Denboraldi hasieran klubean izandako tirabirak alde batera utzi, eta Celadesen jokalariek hiru puntuak bereganatu dituzte Londresen, geldikako jokaldi baten ostean Rodrigo Morenok sartutako golaren bidez. Jasper Cillessen atezainaren jarduna eta Ross Barkleyk huts egin duen etxekoen aldeko penaltia ere erabakigarriak gertatu dira neurketaren nondik norakoan.

Rodrigo Valentziaren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Bestalde, Bartzelonak berdinketarekin konformatu behar izan du Dortmundera egin duen bisitan (0-0). Katalanen aldetik Marc Andre Ter Stegen atezaina izan da jokalaririk onena, penalti bat gelditu eta merituzko beste hainbat geldiketa egin behar izan baititu.

Azkenik, jardunaldiko emaitzarik deigarriena (kopuru aldetik, bederen) Salzburgoren eta Genken arteko neurketan izan da. Austriako taldea 6 eta 2 nagusitu zaio Belgikakoari, eta lan horretan zerikusi handia izan du Erling Haland aurrelari norvegiarrak, berak sartu baititu bere taldearen golen erdiak (hiru).

1. jardunaldiko emaitzak E, F, G eta H multzoetan:

E multzoa:

Napoli 2–0 Liverpool [Mertens, penaltiz (82') eta Fernando Llorente (92')]

Salzburgo 6–2 Genk [Haland [Haland (2', 34' eta 45'), Hwang Hee-Cha (36'), Szoboszlai (47') eta Ulmer (66') | Lucumi (40') eta Samata (55')]

F multzoa:

Inter Milan 1–1 Slavia Praga [Barella (93') | Olayinka (63')]

Borussia Dortmund 0–0 Bartzelona

G multzoa:

Olympique Lyon 1–1 Zenit [Depay, penaltiz (50') | Azmoun (41')]

Benfica 1–2 Leipzig [Seferovic (84') | Werner (69' eta 79')]

H multzoa:

Chelsea 0–1 Valentzia [Rodrigo (74')]

Ajax 3–0 Lille [Promes (18'), Edson Álvarez (50') eta Tagliafico (62')]