Itxi

Txapeldunen Liga

6. JARDUNALDIA

C eta D multzoetako bigarren tokiak gaur erabakiko dira

eitb.eus

Shakhtar, Dinamo Zagreb eta Atalanta C mutzoko bigarren postua lortzeko asmoz borrokatuko dira; D multzoan, aldiz, Atletico Madrilek eta Leverkusenek helburu bera izango dute.

  • Saul Ñiguez eta Kieran Trippier (Atletico Madril)

    Saul Ñiguez eta Kieran Trippier (Atletico Madril). Argazkia: EFE

Gaur Txapeldunen Ligako multzoen faseko azken jardunaldia jokatuko da A, B, C eta D multzoetan.

Lehendabiziko bi multzoei dagokienez, dena dago erabakita, Paris Saint-Germainek (A) eta Bayern Munichek (B) lider gisa bukatuko baitute, eta Real Madril (A) eta Tottenham (B), ordea, bigarren izango dira.

Aipatutako multzoetan jokoan egongo den gauza bakarra da Europa Liga jokatzeko aukera emango duen hirugarren postua norentzat izango den zehaztea.

PSG vs Galatasaray eta Brujas vs Real Madril izango dira A multzoko lehiak. Bestalde, B multzoan, Bayern vs Tottenham eta Olympiakos vs Izar Gorria jokatuko dira.

Bestelako kontua izango dute C eta D multzoetan, hurrengo kanporaketarako bi leku egongo baitira jokoan. Manchester Cityk (C) eta Juventusek (D) multzoburu gisa amaituko dutela erabakita geratu ostean, jardunaldiko jakin-mina bigarren sailkatuen izenak ezagutzean datza.

Hartara, C multzoko partidetan, Dinamo Zagreb (5 puntu) vs Manchester City (11 puntu) eta Shakhtar (6 puntu) vs Atalanta (4 puntu) izango dira aurrez aurre. Shakhtar sailkatu egingo da Atalantari irabaziz gero, edota berdindu eta Dinamok irabazten ez badu. Dinamok, berriz, aurrera egingo du Cityri nagusitzen bazaio eta Shakhtarrek Atalantari irabazten ez badio. Azkenik, Atalantaren aukerak Shakhtarri irabaztea eta Dinamok Cityren aurka garaipenik ez lortzea dira.

Bestalde, D multzoko norgehiagokak Bayer Leverkusen (6 puntu) vs Juventus (13 puntu) eta Atletico Madril (7 puntu) vs Lokomotiv Mosku (3 puntu) izango dira. Horrenbestez, Atleticok final-zortzirenak jokatzeko eskubidea bereganatuko du Lokomotivi irabazten badio, edota Leverkusenek garaipenik lortzen ez badu Juventusen aurka. Leverkusenen kasuan, aldiz, Alemaniako taldeak aurrera egingo du Juventus garaituz gero eta Atleticok Lokomotiv gainditzen ez badu.