Itxi

Txapeldunen Liga

Finalerdiak

Bartzelona eta Chelsea izango dira aurrez aurre Göteborgeko finalean

A. A. | EITB MEDIA

Katalanek 2-1 irabazi diote Paris Saint-Germaini itzuliko partidan, joanekoan bana egin ondoren; ingelesek, berriz, Bayern kanporatu dute itzulikoan 4-1 irabazi eta gero (5-3, guztira).

  • Las jugadoras del Barcelona celebran uno de los goles del partido.

    Las jugadoras del Barcelona celebran uno de los goles del partido. Foto: EFE

Bartzelonak bigarrenez jokatuko du Txapeldunen Ligako finala, finalerdietako itzuliko lehian 2-1 irabazi baitio Paris Saint-Germain taldeari Lieke Martensek sartutako bi golekin. Horrela, joaneko partidan lortutako berdinketa baliatuz.

Lluis Cortesen taldea azkar aurreratu da markagailuan (8. Minutuan), Martensek Endler gainditu duenean, Leila Ouahabiren pase luze baten ondoren. Herbehereetako aurrelaria izan da 2-0ekoaren egilea ere, 31. minutuan. Oraingoan, Caroline Graham Hansenen erdiraketa sare barrura sakatu baino ez du egin behar izan.

Marie-Antoinette Katotok jarri dio zirrara kanporaketari, 34. minutuan, katalanek atzealdean egindako akats bat aprobetxatuta.

Jenni Hermosok zutoinera bidalitako baloi batek (69. minutua) eta Marta Torrejonek langaren aurka jotako beste batek (minutu bat geroago) konfiantza berreskuratzea eta azken zatiari lasaitasun handiagoz heltzea ahalbidetu die etxekoei. Dena dela, Asisat Oshoalak ez du asmatu Endlerren aurka luzapenaren hasieran izan duen buruz burukoa. Amaieran, beraz, etxekoek egin dute aurrera.

Bi urte igaro dira Bartzelonak Txapeldunen Ligako lehen finala jokatu zenetik, Budapesten (Hungaria), Olympique Lyonen aurka. Orduan katalanek zaplaztekoa jaso zuten 4-1 galduta.

Fitxa teknikoa:

2 - Bartzelona: Paños; Torrejón, Pereira (Hamraoui, 75. min), Mapi León, Ouahabi; Aitana (Oshoala, 79. min), Patri Guijarro, Alexia Putellas; Graham Hansen, Martens (Mariona Caldentey, 72. min) eta Hermoso.

1 - Paris Saint-Germain: Endler; Lawrence, Irene Paredes, Dudek, Morroni (Bruun, 87. min); Formiga (Huitema, 73. min), Geyoro, Däbritz; Bachmann (Nadim, 73. min), Baltimore eta Katoto.

Golak: 1-0: Martens, 8. min. 2-0: Martens, 31. min. 2-1: Katoto, 34. min.

Epailea: Anastasia Pustovoitova (Errusia). Txartel horiak: Andrea Pereira, Sandra Paños, Asisat Oshoala, Mariona Caldentey eta Alexia Putellas (Bartzelona); Ashley Lawrence eta Paulina Dudek (Paris Saint-Germain).

Chelseak kanporaketa irauli dio Bayerni

Chelsea izango da Bartzelonaren aurkaria maiatzaren 16an Göteborgen (Suedia) jokatuko den finalean, Bayern Munichen aurkako kanporaketa irauli baitu talde ingelesak.

Alemaniako taldeak 2-1 irabazi zuen joaneko partida, baina igande honetan Kingstonen Chelsea 4-1 nagusitu da, eta finalerako sailkatzea lortu du.

Kirby (11. min eta 90+5. min), Ji So-Yun (43. min) eta Pernille Harder (84. min) izan dira Chelseari garaipena eman dioten lau golak sartu dituztenak. Sarah Zadrazilek, 29. minutuan, neurketa berdindu du behin-behinean alemaniarren aldetik.