Txapeldunen Liga
UEFA-REN ERABAKIA
Real Madril, Barça eta Juventus Txapeldunen Ligan arituko dira
A. B. E. | EITB Media
UEFAk gonbidapenak bidali dizkie futbol federazioei datorren denboraldiko Txapeldunen Ligan parte hartuko duten taldeentzat; Bartzelona, Real Madril eta Juve ere gonbidatu dituzte.
-
Mendy (Real Madril) eta Ansu Fati (Barça), Ligako lehen itzuliko Klasikoan. Argazkia: EFE
Real Madril, Bartzelona eta Juventus datorren denboraldiko Txapeldunen Ligan arituko dira, astearte honetan UEFAren gonbidapena jaso ostean, nahiz eta hiru klub horiek Superligako proiektuarekin jarraitu zuten.
UEFAk Txapeldunen Ligatik kanpo uzteko mehatxua egin zien Real Madril, Juventus eta Bartzelona klubei, Superligako proiektuan jarraitzeagatik, eta prozedura ireki zuen hiru klub horien aurka. Hala ere, ekainaren 9an, Madrilgo, Bartzelonako eta Turingo kluben aurkako prozedura bertan behera uztea erabaki zuen.
Astearte honetan, ekainaren 15ean, UEFAk gonbidapenak bidali dizkie 2021-2022ko Txapeldunen Ligan parte hartuko duten talde guztiei, herrialde bakoitzeko federazioen bidez, eta Real Madrilek, Bartzelonak eta Juventusek ere jaso dute gonbidapena.