Itxi

Txapeldunen Liga

Txapeldunen Liga

Arsenalek behea jo du Milanen

Erredakzioa

Milanek kanporaketa erabakita utzi du Arsenali 4-0 irabazita San Siron. Final-zortzirenetako beste partidan Zenitek garaipen baliotsua (3-2) lortu du joaneko neurketan Benficaren aurka.

  • Ibrahimovic Milango jokalaria. Argazkia: EFE

    Ibrahimovic Milango jokalaria. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Milan: Abbiati; Antonini, Thiago Silva, Mexes, Abate; Nocerino, Van Bommel, Seedorf (Emanuelson, 12. minutua); Boateng (Ambrosini, 70. minutua), Robinho (Pato, 84. minutua), Ibrahimovic.

Arsenal: Szczesny; Sagna, Koscielny (Djourou, 44. minutua), Vermaelen, Gibbs (Oxlade-Chamberlain, 66. minutua); Song, Rosicky, Walcott (Henry, 46. minutua), Ramsey, Arteta; Van Persie.

Golak: 1-0: Boateng, 15. minutua; 2-0: Robinho, 38. minutua; 3-0: Robinho, 49. minutua; 4-0: Ibrahimovic, 78. minutua (p).

Milanek Arsenali (4-0) aise irabazi dio Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partidan. Horrela, "madarikazio ingelesari" amaiera eman dio Italiako taldeak. Robinho brasildarrak eta Zlatan Ibrahimovic suediarrak neurketa bikaina jokatu dute.

Robinhok bi gol sartu ditu Giuseppe Meazzako (San Siro) gau hotzean. Milango jarraitzaileek garaipena ospatu dute, izan ere, final-laurdenak eskura dituzte. Azken urteetan Ingalaterrako taldeek Milan hiru aldiz jarraian kanporatu dute Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan.

Massimiliano Allegri prestatzailearen mutilek berehala hartu dute aurrea markagailuan. Kevin-Prince Boateng Ghanako jokalariak gol ikusgarria sartu du. Italiarrek Arsenalen jokoa ezer ezean utzi eta 2008ko kanporaketaren mendekua hartzea hurbilago dute. Orduan Arsenalek txapelketatik at utzi zuen Milan.

Ibrahimovicen eta Robin Van Persie Arsenaleko aurrelariaren arteko borroka suediarrak irabazi du. Suediako jokalariak penaltiz gola sartzeaz gain, goleko paseak eman ditu. Arsenaleko kapitaina, ostera, ia desagertu egin da neurketan.


Zenit-Benfica (3-2)

Bestalde, San Petersburgeko Zenitek garaipen baliotsua (3-2) lortu du Europako Koparen final-zortzirenetako joaneko partidan. Errusiako taldeak Benfica mendean hartu du neurketa parekatu batean. Hala ere, itzuliko partidan, Da Luz estadioan, erabakiko da kanporaketa.

Petrovsky estadioko berdegunearen egoera kazkarrak eta hotzak norgehiagoka erabat baldintzatu dute. Izan ere, 10 gradu zero azpitik izan dira zelaian. Errusiako eta Portugalgo ligetako liderrek neurketa interesgarria jokatu dute, baina garaipena Spallettiren jokalariek erdietsi dute.

Fitxa teknikoa:

Zenit: Zhevnov; Hubohan, Lomberts, Alves, Anyukov; Zyrianov (Semak, 45. minutua), Shirokov, Denisov, Kanunnikov (Bystrov, 66. minutua), Fayzulin (Rozina, 90. minutua); eta Kerzhakov.

Benfica: Artur Moraes; Maxi Pereira, Luisao, Garay, Emerson; Matic, Witsel; Gaitan (Miguel Vitor, 90. minutua), Rodrigo (Aimar, 30. minutua), Bruno Cesar (Nolito, 76. minutua); eta Cardozo.

Golak: 0-1, 20. minutua: Maxi Pereira. 1-1, 27. minutua: Shirokov. 2-1, 71. minutua: Semak. 2-2, 88. minutua: Cardozo. 3-2, 89. minutua: Shirokov.