Txapeldunen Liga
Jardunaldi erabakigarria
Porto, Atletico Madril eta Milan, final-zortzirenetarako txartelaren bila
EITB Media
B multzoko hiru talde hauek Txapeldunen Ligako hurrengo faserako sailkapena eskuratu nahi dute astearte honetan, multzoen faseko azken jardunaldiko partidan. Real Madrilek eta Interrek D multzoko lidergoa izango dute jokoan.
-
Portoren entrenamenduko irudia. Argazkia: EFE
Astearte honetan, Txapeldunen Ligako multzoen faseko seigarren eta azken jardunaldia jokatuko dute A, B, C eta D multzoetako taldeek. Final-zortzirenetarako txartel bat eta multzoko lidergo bat egongo dira jokoan.
B multzoan, Portok, Atletico Madrilek eta Milanek aurrera egiteko aukera dute; Liverpoolek, aldiz, bermatuta du lehen postua. B multzoko bigarrenak, Portok (5 puntu), azken sailkatua izango du aurkari, Atletico Madril (4 puntu). Hirugarrenak, Milanek (4 puntu), berriz, liderra hartuko du, Liverpool (15 puntu).
Real Madrilek eta Interrek D multzoko lidergoa izango dute jokoan Santiago Bernabeun. Real Madril liderra da 12 punturekin, eta Inter bigarren postuan dago, 10ekin. Europa Liga jokatzea ziurtatuta duen Sheriffek (6 puntu) kanporatuta dagoen Shakhtar Donetski (puntu 1) egingo dio bisita.
A multzoko partidak Leipzig - Manchester City eta PSG - Brujas izango dira. City (12 puntu) final-zortzirenetarako sailkatuta dago jada, multzoko lider gisa, eta PSG (8 puntu) bigarren gisa. Europa Ligan egotea izango dute jokoan Leipzigek (4 puntu) eta Brujasek (4 puntu).
Dena erabakita dago C multzoan, Ajaxek (15 puntu) bermatuta baitu lehen postua, eta Sporting Lisboa sailkatuta baitago multzoko bigarren moduan. Borussia Dortmund (6 puntu) izango da Europa Liga jokatuko duen taldea, eta Besiktas (0 puntu) kanporatuta dago. Astearte honetan, Ajax - Sporting Lisboa eta Borussia Dortmund - Besiktas neurketak jokatuko dira.