Itxi

Txapeldunen Liga

5. jardunaldia

City, PSG, Real Madril, Inter eta Sporting Lisboa taldeek final-zortzirenetarako txartelak eskuratu dituzte

A. B. E. | EITB Media

Manchester Cityk mendean hartu du PSG (2-1), baina bi taldeek lortu dute Txapeldunen Ligako hurrengo faserako sailkapena. Sportingek Borussia Dortmundi irabazi dio (3-1) eta alemaniarrek Europa Liga jokatuko dute. Real Madril nagusi izan da Sheriffen aurka (0-3) eta Inter Shakhtarren kontra (2-0).

  • Manchester City - PSG

    Manchester City - PSG partidako irudia. Argazkia: EFE

Txapeldunen Ligak atzean utzi du jada multzoen faseko bosgarren jardunaldia. Asteazken honetan, A, B, C eta D multzoetako taldeek jokatu dituzten zortzi partidetan golak ikusi ahal izan dira.

A multzoko Manchester Cityren eta Paris Saint-Germainen arteko neurketak begirada guztiak zan ditu gainean, eta Cityk irabazi egin dio PSGri (2-1). Bi taldeak final-zortzirenetara sailkatuta daude, Leipzigek garaipena lortu baitu Brujasen kontra (0-5). Manchester City multzoko lider gisa sailkatu da hurrengo fasera. Leipzigek (4 puntu) eta Brujasek (4 puntu) Europa Ligara sailkatzea izango dute helburu azken jardunaldian.

Real Madrilek (12 puntu) eta Inter Milanek (10 puntu) ere ez dute huts egin D multzoan. Espaniarrek zein italiarrek final-zortzirenetarako sailkapena lortu dute, eta seigarren jardunaldian elkarren arteko lehian erabakiko da zein izango den multzoko lehen postua eskuratuko duena. Real Madril aise nagusitu da Sheriffen aurka (0-3) eta Interrek Shakhtar Dontesk mendean hartu du (2-0). Sheriffek (6 puntu) hirugarren postua bermatuta dauka, eta Europa Ligan arituko da. Shakhtar (puntu 1) kanporatuta dago.

Jardunaldiko ezustekoa Sporting Lisboak eman du Borussia Dortmundi irabazita (3-1) eta final-zortzirenetarako txartela eskuratuta. Portugalgo taldeak 9 puntu ditu, Alemaniakoak 6, eta Dortmund Txapeldunen Ligatik at geratu da, nahiz eta Europa Ligan ariko den. C multzoko beste partidan, jada multzoko lider moduan sailkatuta egon den Ajax garaile atera da Besiktasen aurkako lehian (1-2) eta bostetik bost partida ditu irabazita. Turkiarrek punturik lortu gabe jarraitzen dute.

Atletico Madrilek kale egin du Milanen aurka galduta (0-1). Madrilgo taldeari asko zaildu zaio hurrengo faserako txartela lortzea, italiarren kontra jaso duen porrotak B multzoko azken postuan kokatu baitu hirugarren den Milanekin lau punturekin berdinduta. Lehen postua bermatuta duen Liverpoolek garaipena lortu du Portoren aurka (2-0) eta orain arte jokatu dituen bost partidak irabazi ditu. Porto bigarren da sailkapenean, 5 punturekin. Milanek, Atletico Madrilek eta Portok, hirurek, final-zortzirenetan egoteko aukerak dituzte oraindik.