Itxi

Txapeldunen Liga

Multzoen faseko 3. jardunaldia

Manchester City eta Real Madril, geldiezin, hirutik hiru garaipen erdietsita

EITB Media

Ingalaterrako taldeak 5 eta 0 jipoitu du Kobenhavn, eta Espainiakoak 2-1eko emaitzarekin hartu du mendean Shakhtar. Bestalde, Borussia Dortmundek Sevillari 1 eta 4 irabazi dio, Chelseak garaipena lortu du Milanen kontra (3-0), eta Benfica-PSG partida berdinduta amaitu da (1-1).

  • Manchester City

    Manchester Cityko jokalariak Kobenhavni sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Urriaren 5ean, asteazkenean, Txapeldunen Ligako multzoen faseko hirugarren jardunaldiko azken zortzi partidak jokatu dira. E, F, G eta H multzoetako taldeak aritu dira lehian.

Manchester Cityk geldiezin jarraitzen du, eta Kobenhavn mendean hartu du 5-0ko emaitzarekin. Bestalde, Borussia Dortmundek 1 eta 4 irabazi dio Sevillari Julen Lopeteguiren azken partidan. Manchester City (9 puntu) da G multzoko liderra, eta Borussia Dortmund (6 puntu) dago bigarren postuan. Kobenhavn eta Sevilla hirugarren eta laugarren postuetan daude hurrenez hurren, puntu banarekin.

Real Madrilek ez du kale egin eta garaipena eskuratu du Shakhtar Dontesken kontra (2-1). Espainiako taldeak hirutik hiru neurketa irabazi ditu. F multzoko beste partidan Leipzig nagusi izan da Celticen aurkako lehian (3-1). Real Madril da liderra 9 punturekin, bigarren postuan dagoen Shakhtarrek 4 puntu ditu, Leipzig (3 puntu) da hirugarren, eta Celticek (puntu 1) betetzen du azken postua.

Jardunaldiko partida handienetakoan Chelseak 3 eta 0 irabazi dio Milani E multzoko norgehiagoka eta Salzburgok garaipena eskuratu du Dinamo Zagreben aurka (1-0). Ondorioz, Salzburgo (5 puntu) dago lidertzan, Chelsea eta Milan bigarren eta hirugarren dira hurrenez hurren 4na punturekin, eta azken postua Dinamo Zagrebentzat (3 puntu) da.

H multzoan Benfica eta PSG taldeen arteko lehia bana berdinduta (1-1) amaitu da. Bestalde, Juventusek arnasa hartu du Maccabi Haifari 3 eta 1 irabazita. PSG (liderra) eta Benfica (bigarren) lehen bi postuetan daude 7na punturekin, Juventus (3 puntu) da hirugarren, eta punturik ez duen Maccabi Haifa, azkena.