Itxi

Txapeldunen Liga

Multzoen fasea, 4. jardunaldia

Barça, kanporatuta geratzetik gertu; Bayern Munich, Napoli eta Brujas final-zortzirenetara sailkatu dira

A. B. E. | EITB Media

Bartzelonak berdindu egin du Interren aurka (3-3), eta kanporatuta gertzetik gertu dago. Bayernek aise irabazi dio Plzeni (2-4) eta Napolik mendean hartu du Ajax (4-2). Bestalde, Brujasek golik gabe berdindu du Atletico Madrilen kontra (0-0).

  • Robert Lewandowski

    Robert Lewandowski (Barça) Interren aurka abagune bat hust egin ostean. Argazkia: EFE

Asteazken honetan, urriaren 12an, amaitu da Txapeldunen Ligako multzoen faseko laugarren jardunaldia A, B, C eta D multzoetako taldeek jokatu dituzten partidekin. Napolik, Bayern Munichek eta Brujasek final-zortzirenetarako sailkapena bermatu dute.

A multzoan gol zaparrada ikusi ahal izan da. Liverpoolek 1 eta 7 irabazi zio Rangersi eta Napolik mendean hartu du Ajax 4-2ko emaitzarekin. Napoli da multzoko liderra 12 punturekin; Liverpool (9 puntu) da bigarren; hirugarren postuan, Ajax (3 puntu) dago eta azkena da Rangers, oraindik punturik eskuratu gabe.

Hainbat gol izan dira C multzoan ere. Bartzelonak berdindu egin du Inter Milanen aurka (3-3), eta Bayern Munichek irabazi egin dio Viktoria Plzeni (2-4). Bayern da lidertzan 12 punturekin, eta bigarren postuari eutsi dio Interrek (7 puntu). Hirugarren den Bartzelona (4 puntu) kanporatuta geratzetik gertu da, eta punturik batu ez duen Viktoria Plzen dago azken postuan.

B multzoan, Brujasek hurrengo faserako txartela eskuratu du Atletico Madrilen aurka berdinduta (0-0) Metropolitano estadioan. Multzoko beste neurketan, Portok 0 eta 3 irabazi dio Xabi Alonsok zuzentzen duen Bayer Leverkuseni; ondorioz, Brujas (10 puntu) da liderra, bigarren postuan dago Porto (6 puntu), hirugarren da Atletico Madril (4 puntu) eta laugarren postua Bayer Leverkusenentzat (3 puntu) da.

Bestalde, D multzoan oraindik talde guztiek dute aurrera egiteko aukera. Tottenhamek garaipena eskuratu du Eintracht Frankfurten aurka (3-2), eta Olympique Marsellak hiru puntuak lortu ditu Sporting Lisboaren kontra (0-2). Tottenham da (7 puntu) liderra, Olympique Marsella eta Sporting Lisboa dira bigarren eta hirugarren hurrenez hurren 6na punturekin, eta laugarren postuan dago Eintracht Frankfurt, 4 punturekin.