Itxi

Txapeldunen Liga

Lehen finalista

Inter Milan taldeak 2023ko Txapeldunen Ligako finala jokatuko du

EITB MEDIA

Inzaghik entrenatutako taldea 1 eta 0 gailendu zaio AC Milani, finalerdietako itzuliko partidan, Lautarok bigarren zatian egindako golari esker. Joaneko partidan 2 eta 0 nagusitu ziren.

  • Dumfries eta Brahim Diaz, Txapeldunen Ligako finardietako jokaldi batean

    Dumfries eta Brahim Diaz, Txapeldunen Ligako finardietako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Inter Milan taldeak 2023ko Txapeldunen Ligako finala jokatuko du, ekainaren 10ean, Istanbul hiriko Ataturk futbol zelaian. Orotara, Inzaghik zuzendutako taldea 3-0 nagusitu zaio AC Milani: joanekoan 2-0 gailendu ziren, eta itzulikoan, aldiz, 1-0.

Lehen zatian, Interrek ondo eutsi dio joaneko partidan lortutako aldeari. Milan gol bat egiten saiatu da, eta aukera argiak izan ditu, Brahim, Diaz eta Leaoren bitartez.

Interri dagokionez, Inzaghiren gizonek euren partida egin dute, jokoaren ardura aurkariari utzita. Etxeko taldeak ez du defentsan estuasun handirik izan eta kontraerasora arriskua sortzen saiatu da.

Atsedenaldira iritsi aurretik, Mkhitaryan aldatu behar izan du Inzaghik, min hartuta, eta Brozovic zelairatu du haren ordez.

Bigarren zatian, gauzak ez dira aldatu, eta norgehiagokako gol bakarra iritsi da. Lautaro argentinarrak egin du, 74. minutuan, eta finalerdia erabakita utzi du horrela.  

Real Madril edo Manchester City

Partida eta kanporaketa erabakita, ezer gutxi gertatu da Giuseppe Meazza futbol zelaian. Interrek Real Madrilen eta Manchester Cityren arteko finalerdiko irabazlea izango du aurkari finalean. Joaneko partidan, 1-1 egin zuten madrildarrek eta ingelesek.

Fitxa teknikoa

1. Inter Milan: Onana; Darmian, Acerbi, Bastoni; Dumfries, Barella, Calhanoglu, Mkhitaryan (Brozovic, 44. min), Dimarco (Gosens, 66. min); Dzeko (Lukaku, 66. min) eta Lautaro (Correa, 84. min).

0. AC Milan: Maignan; Calabria, Thiaw (Kalulu, 64. min), Tomori, Theo; Tonali, Krunic; Messias (Origi, 76. min), Brahim (Saelemaekers, 76. min), Lea eta Giroud.

Gola: 1-0, 74. min: Lautaro.

Epailea: Clement Turpin (FRA). Txartel horia atera die Interreko Barellari eta Milaneko Thiaw eta Tonali jokalariei.