Itxi

Txapeldunen Liga

Bigarren jardunaldia

Bartzelonak bigarren garaipena lortu nahi du, Benficaren aurka

Erredakzioa

Txapeldunen Ligako irabazteko faborito nagusiek Manchester Unitedek, Chelseak, Bartzelonak, Juventusek eta Bayern Munichek garaipenak bilatuko dituzte, asteartean.

  • Alexis Sanchez. Argazkia: EFE

    Alexis Sanchez. Argazkia: EFE

Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldiko astearteko neurketetan E, F, G eta H multzoko taldeek jokatuko dute. Aurreneko jardunaldiko emaitzen ostean, txapelketa irabazteko faborito nagusiek, Manchester Unitedek, Chelseak, Bayern Munichek, Bartzelonak eta Juventusek puntuak eskuratzen jarraitzeko asmoa dute.

E multzoan Chelseak eta Juventusek aurreneko garaipena lortzeko abagune paregabea izango dute. Urdinek Nordsjalland taldearen aurka jokatuko dute etxetik kanpora, eta Turineko taldeak Shakhtar Donetsk multzoko liderra hartuko dute.

F multzoan BATE Borisov eta Bayern Munich liderrak dira, baina jardunaldi honetan elkarren aurka arituko dira, nor baino nor gehiago. Valentziak Lille hartuko du Mestallan, eta pellegrinoren mutilek multzoko bigarren postua eskuratzeko helburua dute.

Bartzelonak G multzoko lidergoan jarraitzeko Benfica talde portugaldarra gainditu beharko du. Tito Vilanovaren mutilek aurrean aurkari sendoa izango dute, eta partida bizia espero da. Gainera, Spartak Moskvak Celtic hartuko du, sailkapeneko azkenengo postutik irtetzeko asmoarekin.

Azkenik, H multzoan, Manchester Unitedek aurrerapauso handia emateko abagunea izango du. Fergusonen mutilek Cluj talde errumaniarra gainditu beharko dute multzoko lider bakarrak izateko. Galatasaryk eta Bragak txapelketako aurreneko puntuak bilatuko dituzte.