Itxi

Olinpiar Jokoak

Garaile 4x100 estiloen proban

Phelpsek erretiroa hartu du hogeita bigarren domina eskuratuta

Erredakzioa

AEBetako taldearekin 4x100 estiloen proba irabazi du, eta horrenbestez, laugarren urrezko domina eskuratu du Londreseko Olinpiar Jokoetan.

  • Michael Phelps 4x100 estiloen probako taldekideekin. Argazkia: EFE

Michael Phelps igerilariak urrezko domina lortu zuen AEBtako taldearekin egin zuen 4x100 estiloen proban. Londreseko Olinpiar Jokoetan lortzen duen laugarren urrezko domina eskuratu zuen Baltimorekoak. Guztira, parte hartu duen hiru Olinpiar Jokoetan (Athens 2004, Pekin 2008 eta Londres 2012), hogeita bi domina eskuratu ditu.

4x100 metro estiloen proban Japoniak lortu zuen zilarrezko domina eta Australiak, brontzekoa.

Phelpsek igerilari profesional moduan egiten zuen azken proba zen 4x100 estiloen lasterketa, erretiroa hartzen baitu. Taldekide zituen Matthew Grevers, Brendan Hansen eta Nathan Adrian igerilariek lagundu zioten bere azken urrezko domina lortzen.

'Baltimoreko marrazoak' aurreartu zuen Londreseko Olinpiar Jokoetan parte hartu ondoren, erretiroa hartuko zuela. Larunbatean, erabakia berresti zuen. Phelpsek honakoa esan zuen erretiroa hartzen zuela iragarri zuenean: "Betidanik argi izan dut ez nuela 30 urterekin igeriketan jarraitu nahi. 27 urte ditut, eta nituen helburu guztiak bete ditudanez, beste pauso bat emateko ardua iritsi zait".

"Gaurtik aurrera egiten dudan beste edozein gauzatan helburuak izaten jarraituko dut, horixe baita nire izaera", gaineratu zuen Phelpsek historiako igerilari onenaren garaikurra eman ziotenean.