Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

4. Jardunaldia

Ezkurdia eta Martija nagusitu dira Urretxun (19-22)

EITB.EUS

Bengoetxea eta Mariezkurrenari irabazi diete, Ederrena pilotalekuan jokatutako partidan.

1:14
Martija eta Ezkurdia. Argazkia: EiTB

Binakako Txapelketako laugarren jardunaldiak Urretxuko Ederrenan izan du hastapena ostiral honetan, Santa Luzia egunaren baitan jokatu den jaialdian.

Ezkurdia-Martija eta Bengoetxea-Mariezkurrena bikoteak izan dira aurrez aurre bertan, eta garaipena lehendabizikoentzat izan da (19-22), 634 pilotakada jokatu ostean.

Neurketako pilotarik nabarmenena Julen Martija atzelari nafarra izan da. Oso seguru eta sendo ibili da, eta ez du pilota bat bera ere galdu; gainera, tanto bat lortu du. Mariezkurrena, berriz, hiru tanto egiteko gai izan da, baina, kontrara, 11 pilota galdu ditu, eta hortxe egon da lehiako gako nagusiena.

Aurrelariei dagokienez, Bengoetxea beti bezain emankor agertu da 11 tanto erdietsita (4 galdu ditu). Urdinez jantzita jardun duen Ezkurdia, aitzitik, ez da hain oparo aritu (6 tanto egin eta 5 galdu).

Emaitza horren ostean, Ezkurdia eta Martijak txapelketako bigarren puntua bereganatu dute. Bengoetxea eta Martija, aldiz, garaipen bakarrarekin geratuko dira.

Markagailuko gorabeherak: 0-1, 1-1, 1-5, 4-5, 4-6, 5-6, 5-9, 7-9, 7-11, 9-11, 9-13, 13-13, 13-14, 14-14, 16-14, 16-21, 19-21, 19-22.