Pilota
Larunbat honetan
Nafarroa Arenaren estreinaldi handia, Masters Codere finalaren eskutik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Finalerdietan, Elezkano – Rezusta bikotea Aimar Olaizola – Imaz bikoteari gailendu zaio, eta Ezkurdia-Zabaleta Urrutikoetxea eta Martijari nagusitu ziren.
-
Pilota frontoian
Masters Codere finalarekin estreinatuko da larunbat honetan Nafarroa Arena frontoia. Hain zuzen ere, pilotarien sailkapen zerrendaren arabera zehaztutako lehiaketa da, eta apirilean Ezkurdia – Zabaleta eta Elezkano II.a – Rezusta bikoteak aurrez aurre jarri zituen binakako txapelketako partidaren errepikapena izango da. Gainera, zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en eta eitb.eus webgunean.
Orduan, Bilbon, Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta nafarrek 22-9ko emaitzarekin menderatu zituzten Danel Elezkano bizkaitarra eta Beñat Rezusta gipuzkoarra.
Masters Codere lehiaketak finalerdiak eta finala izango ditu, Enpresen Ligako pilotarien sailkapena baliatuta. Zerrendako lehen hiru aurrelariak eta atzelariak ariko dira lehian, eta antolatzaileek gonbidatutako bikote bat arituko da horiekin batera.
Iruñeko Labrit frontoian jokatu diren finalerdietan, Elezkano – Rezusta bikoteak 22-7 hartu zituen mendean Aimar Olaizola eta Ander Imaz asteazkenean, eta Ezkurdiak eta Zabaletak 22-21 garaitu zituzten Mikel Urrutikoetxea eta Julen Martija ostegunean.
II. Masters Codere txapelketaren finala izango da Nafarroa Arenan jokatuko den aurreneko partida, eta nahiz eta duela bederatzi urte hasi zen eraikitzen, krisiaren ondorioz, ezin izan da orain arte bukatu.