Bilbao Basket
FIBA Europako Kopa
Bilbao Basketek berriz irabazi dio Brnori (115-100), eta multzoko lehen postua lortzeko pauso bakarra behar du
EITB Media
Bilbotarrek aise irabazi diete txekiarrei berriro, baina Brnok bizkaitarrak zertxobait estutu ditu une batzuetan. Surne Bilbao Basketek bere saskiratze marka hautsi du berriro gaurko norgehiagokan.
-
Neurketaren une bat, Miribillan. Argazkia: EFE
Surne Bilbao Basketek PUMPA Basket Brno hartu du gaur Miribillan, Jaume Ponsarnauren taldeak FIBA Europa Kopako lehen faseko E multzoan sailkapena lortzeko geratzen zaizkion bi partidatako lehenengoan. Bilbotarrek aise irabazi diete txekiarrei berriro, baina Brnok bizkaitarrak zertxobait estutu ditu une batzuetan (115-100). Surne Bilbao Basketek bere saskiratze marka hautsi du berriro gaurko norgehiagokan.
Duela hiru aste Txekiar Errepublikako pistan 54 puntuko aldeagatik (51-105) lortutako garaipen garbiak, klubaren historiako marka berria zena gaurdaino, Bilbao Arenan gau lasaia aurreikusten zuen.
Izan ere, Ponsarnauren taldea Europan oraingoz aurkitutakoak baino maila askoz handiagoko aurkaria, Casademont Zaragoza, hain zuzen ere txapelketa kontinental berean murgilduta dagoen taldeaa, nagusitasun osoz azpiratu ondoren iritsi da hitzordu honetara.
Beltzezko gizonak nagusi izan dira partida hasieratik amaierara, baina defentsan orain dela hiru aste baino kaskarrago aritu dira eta jokoan jarraikortasun gutxiagorekin. Beraz, markagailuko aldea ez da hain handia izan, nahiz eta berriro 100 puntu baino gehiago saskiratu.
Tryggvi Hlinason pibot islandiarrak bere 100. partida ofiziala jokatu du gaur Surne Bilbao Basketekin. Hlinasonek 28 urte eta 2,15eko altuera du, eta orain arte Endesa Ligako 63 partida eta Europako lehiaketetako 36 partida jokatu ditu bizkaitarrekin.
Fitxa teknikoa:
115.- Surne Bilbao Basket (37+28+23+27): Frey (5), Jaworski (29), Font (16), Petrasek (18), Hlinason (9) -hasierako bostekoa- Normantas (9), Hilliard (10), Bagayoko (4), Sylla (12), Errasti (3) eta De Castro (-).
100.- PUMPA Basket Brno (25+21+31+23): Anthony Williams (25), Rychtecky (2), Krivanek (2), Groves (25), Kejval (10) -hasierako bostekoa-; Pulpan (7), Svoboda (11), Farsky (4), Kalu (12), Stranel (2), Musil (-) eta Jansa (-).
Partzialak: 37-25, 65-46 (atsedenaldia), 88-77 eta 115-100 (amaiera).
Epaileak: Diogo Martins (Portugal), James Kerry Dominique (Gibraltar) eta Giacomo Dori (Italia). Pulpan (38.m) egotzi dute bost faltarekin.
FIBA Europako Kopako E multzoko bosgarren jardunaldiko partida jokatu dute 3.027 ikusleren aurrean, Miribillan.

