Itxi

Bilbao Basket

Endesa Ligako azken fasea

Bilbao Basketek galdu egin du Rafa Martinezen agurrean (78-65)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bilboko taldeak aurpegia eman du partidan zehar, baina hainbat jokalari izan ditu faltan lesioengatik, eta ezinezkoa izan du garaipena lortzea.

  • Rafa Martinez jaurtiketa bat egiten Axel Bouteille taldekide ohiaren aurrean

    Rafa Martinez jaurtiketa bat egiten Axel Bouteille taldekide ohiaren aurrean Argazkia: EFE

RETAbet Bilbao Basketek galdu egin du berriro Endesa Ligako azken fasean, oraingoan Unicajaren aurka (78-65), baina aurpegia eman du denboraldi honetako azken partidan. Gainera, gaurko lehiaren amaieran Rafa Martinez beteranoak agur esan dio beltzezko gizon gisa emandako urteari. Katalanak taldekideen txalo artean utzi du pista, baita aurkariaren txalo artean ere.

Espero zena baino partida entretenigarriagoa eta lehiatuagoa izan da, ez baitzuten ezer jokoan talde biek.

Bilbao Basket nagusi izan da lehen laurdenaren erdira arte, baina hortik aurrera partida Unicajarena izan da, bigarren laurdenean izandako berdinketaren salbuespenarekin (33-33).

Andaluziarren aldetik, Josh Adamsek ekarpen handia egin du hiruko lerrotik bere taldearentzat (7tik 5, 19 puntu eta 17ko balorazioa), baita partidako jokalari nabarmenena izan den Dario Brizuelak ere (5etik 4, 16 puntu eta 13ko balorazioa). Aipatutakoez gain, Ruben Guerrerok (6 puntu, 6 errebote eta 11ko balorazioa)) eta Alberto Diazek (3 puntu, 6 errebote,  8 asistentzia eta 12ko balorazioa) ere ekarpen handia egin dute bere taldearen alde.

Bilbao Basketen aldetik, lehen zati bikaina jokatu duen Ondrej Balvin (11 puntu, 11 errebote eta 26ko balorazioa) eta Jonathan Rousselle (14 puntu eta 19ko balorazioa) izan dira onenak.

Rafa Martinezen agurra

Neurketa, gainera, Rafa Martinezen agurra izan da Bilbao Basketeko jokalari gisa. Eskolta kataluniarrak 38 urte ditu eta, ACBn 16 denboraldi eman ondoren, oraindik ez du erretiroa hartzeko edo lehian jarraitzeko erabakia hartu.

Agur esan baino ordu batzuk lehenago, ACBko web atariari eskainitako elkarrizketa batean, pozik agertu da Bilbon egindako egonaldiaz: "Oso pozik nago hirian eta klubean nola tratatu nauten, eta nire familia eta ni nola tratatu gaituzten ikusita. Eskerrak eman nahi dizkiet Bilboko eta Bilbao Basketeko guztiei", adierazi du Martinezek.

Fitxa teknikoa:

78 - Unicaja (20+22+19+17): Mekel (5), Adams (19), Waczynski (10), Deon Thompson eta Gerun (4) –hasierako bostekoa–, Alberto Díaz (3), Brizuela (16), Bouteille (7), Ejim (4), Guerrero (6), Elegar (4) eta Pablo Sánchez.

65 - RETAbet Bilbao Basket (13+26+9+17): Rousselle (14), Serron (6), Rigo (5), Cruz (6) eta Balvin (11) –hasierako bostekoa–; Miguel Ruiz, Rafa Martínez (9), Sergio Rodríguez (6), Lammers (6) eta Jaylon Brown (2).

Epaileak: José Antonio Martín Bertrán, Rafael Serrano eta Arnau Padrós. Ez dute inor kanporatu.