Gipuzkoa Basket
FITXAKETAK
Delteco GBC: Henk Norelek taldea utzi du eta klubak Garrett Nevels eskolta fitxatu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pibot herbeheretarrak bere kontratuak jasotzen zuen etete-klausula gauzatzea erabaki du. Bestalde, klubak Garrett Nevels eskolta estatubatuarra fitxaketaren berri eman du.
-
Henk Norelek ez du Gipuzkoa Basketen jarraituko. Argazkia: EiTB
Delteco GBC saskibaloi taldeak ostegun honetan jakinarazi du Henk Norel pibot holandarrak taldea utzi duela eta Garrett Nevels eskolta estatubatuarra fitxatu duela Bon Reggio Emilia talde italiarretik.
"Henk Norelek etete-klausula gauzatzea erabaki du eta 2019ko ekainaren 30era arte GBCrekin zuen kontratua bukatu du horrela. Klubak joan den denboraldian erakutsitako esfortzua eta arduraldia eskertu dizkio eta onena opa dio etorkizun pertsonal eta profesionalean", dio talde gipuzkoarraren oharrak.
Henk Norel Delteco GBCko jokalari onena izan zen aurreko denboraldian, eta Endesa Ligako bosteko onenean ere sartu zuten. Orain, jokalari holandarrak Endesa Ligara igo berri den Café Candelas Breogán talde galiziarrean jokatuko du.
Halaber, Gipuzkoako taldeak Garret Nevels eskolta estatubatuarra fitxatu duela iragarri du. 25 urte eta 1.88 metroko jokalaria Bon Reggio Emilia talde italiarretik dator, eta, Delteco GBCren arabera, "saskiratzaile hutsa da, abiadura handia du, eraginkorra distantzia ertainean, eta defentsarako mentalitate handiarekin".
Aurreko denboraldian, Italiako liga (8,3 puntu eta 3,1 errebote 18 minutuan) eta Eurokopa (5,9 puntukoa 14 minutuan) lehiatu zituen.
¡OFICIAL! Garrett Nevels vestirá los colores del GBC la próxima campaña. Ongi etorri! pic.twitter.com/5BY3pK9GKU
— Delteco GBC (@gipuzkoabasket) 26 de julio de 2018